Berriki Aginagan izandako lan-istripua salatu dute

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 26a, 19:30

Urtarrilaren 9an Aginagako enpresa batean izandako lan-istripua salatu dute ostiral eguerdi honetan, LAB sindikatuak deitutako elkarretaratzean.

Lan-istripu gehiagorik ez dela nahi eta prekarietateak langileak hiltzen segitzen dituela salatu dute ondoko irudiotako herrikideek gaurkoan. LAB sindikatuak deituta elkarretaratzea egin dute ostiral honetan, 13:00ean Mikel Laboa plazan. Berriki, urtarrilaren 9an Aginagan izandako lan-istripua salatzea zuen xede nagusi mobilizazio honek. Izan ere, "langile bat larri zauritu zen Viuda e Hijos de Jeronimo Izaguirre, S.L. enpresan".

Beste ezer baino lehen, "besarkadarik beroena" helarazi nahi izan diete, baita "elkartasuna eta babesa zauritutako langileari, gertuko eta senideei". Deitzaileek elkarretaratzearen amaieran nabarmendu duten moduan, "ahalik eta azkarren eta ondorio larririk gabe osatzea da gure desio eta itxaropena".

Neurriak hartzeko deia
Lan-istripua izandako enpresako langileak, larriki zauritutakoaren hurbilekoak, udal ordezkariak edota hainbat herrikide bildu dituen mobilizazioa, ordea, salaketa argi bat plazaratzeko baliatu nahi izan dute. "Beste behin ere, lan-baldintzek eta prekarietateak gaixotu eta hiltzen gaituztela salatu nahi dugu". Izan ere, urtea hasi zenetik 25 egun baino igaro ez diren honetan, hamar dira lan-istripuetan Euskal Herrian zendutako langileak. Kontuan izan, iaz, 2023. urte osoan 59 izan ziren hildakoak. Askoz gehiago, noski, larritasun maila ezberdinean zauritutakoak. "2024. urte honetan, 10 dira Hego Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileen zerrenda-beltza luzatzen dutenak eta beste asko izan dira antzeko gertakarietan zaurituak", LAB sindikatutik gaurko elkarretaratzean salatu dutenez. 

Horregatik, beharrezko neurriak hartzeko deia egin du aipatu sindikatuak. "Dei egiten diegu bai enpresei, bai prebentzio arduradunei eta bai administrazio publikoei, antzeko gertakizunak gerta ez daitezen neurriak har ditzaten".