Banatu dituzte Argia Sariak, sarituetako bat NOAUA! K.E.-ren Kulturaldian ikusgai

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 26a, 18:25

Argazkia: Argia.

Bestelako proiektuen artean, otsailean NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan ikusgai izango duzuen "Bizkarsoro" filmak jaso du Argia Saria.

Urte garai honetan egiten duten moduan, euskarazko komunikazioari gorazarre egiteko lekua eta topagunea izan da ostiral bazkaloste honetan Atxega Jauregia. Izan ere, bertan bildu baitira Argiaren bueltako komunitatea eta "hedabideetako eta kulturako ehundik gora lagun", hitzordurako deialdia egin zutenean aurreikusi moduan.

Euskarazko komunikazioaren esparruko bost egitasmo saritu dituzte ekimen honen 35. edizioan. Segidan dituzue izendatuak, Argiaren aitortza eta Antton Mendizabal eskultorearen garaikurra jaso duten egitasmoak:

Argia Sariak 2024
-Kanpainaren Argia Saria: Guggenheim Urdaibai Stop plataforma.
-Interneteko Argia Saria: gordegia.eus artxibategi grafikoa.
-Entzunezko Argia Saria: "Ez gatoz Paristik" podcasta.
-Prentsako Argia Saria: "Sahara. Herri bat erresistentzian" liburua.
-Ikus-entzunezko Argia Saria: "Bizkarsoro" filma.

Kulturaldian ikusgai
Argia Sarietako bat gordegia.eus atariak jaso du, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak hain zuzen, "herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik". Prentsari lotutakoa, "Sahara. Herri bat erresistentzian" izeneko liburuaren egile Kristina Berasain Tristani eman diote, "herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik".

Argiakoentzat 2023. urteko kanpaina onena Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoena izan da eta haiei eman diete, "aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik, eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik". Entzunezko Argia Saria, "Ez gatoz Paristik" izeneko podcastak jaso du, "euskaraz diharduten artisten eskubideen defentsan eginiko lanagatik, eta alor horretan dibulgazioan egindako ahaleginagatik".

Azkenik, ikus-entzunezkoen Argia Saria "Bizkarsoro" filmari eman diote. "Euskararen iragan hurbilari errepasoa egiteaz gain, jasandako zapalkuntzari eta altxatzeko grina izan zutenei aitortza egiteko modu bat da pelikula", Argiakoen esanetan.

Adi, film hau aurten, estreinakoz otsailean egingo den NOAUA! K.E.-ren Kulturaldian izango duzue ikusgai.