"Bilbon milaka giltza bildu genituen mobilizazioa, zalantzarik gabe, bultzada garrantzitsua izan da"

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 26a, 20:50

Urtarrileko azken ostiralarekin batera, Sarek deitutako mobilizazioa egin dute gaur Mikel Laboa plazan. Berriki, Bilbon "Konponbiderako giltzak" aldarripean, milaka euskal herritar batu zituen manifestazio jendetsua izan dute hizpide frontoi atzeko elkarretaratzean.

"Urtarrilaren 13an gatazka behin betiko konpontzeko Bilbon milaka giltza bildu genituen mobilizazioa, zalantzarik gabe, bultzada garrantzitsua izan da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eragozten jarraitzen duten salbuespen-juridikoei amaiera emateko, behar den aktibazioari begira".

Bultzada nabarmena izan da, beraz, Bizkaiko hiriburuko hilabete hasierako hitzordua. "Manifestazio horren arrakastak aurrera egiteko konfiantza eta bermea ematen digute. Garrantzitsua da indar hori berrituta sentitzea, joan zen urrian herri eta auzoetan Gernikan aurkeztu zen "Konponbiderako giltzak" manifestuarekiko babesa eta konpromisoa aurkitzen jarraitzeko. Izan ere, manifestu horrek duela urte askotatik pairatzen ari garen gatazkaren konponbidearen oinarriak jasotzen ditu".

"Badakigu bidea ez dela erraza izango"
Aurrera jotzeko bultzada bai eragin du Bilboko manifestazioak, baina argi du Sarek. "Badakigu bidea ez dela erraza izango. Ez da inoiz izan. Egun batean bai eta hurrengoan ere, gu geldiarazten saiatzen dira, adibidez, urrutitik, Madrilgo despatxo batetik presoen eskubideen aurkako autoak emanez, gaur egungo euskal gizartearen errealitatearekin zerikusirik ez dutenak. Euskal gizarteak aro berriari jarraipena emateko hartutako erabaki irmoa moteltzen dute, atzerako ispilura begiratzera behartuz, egozpen eta sumario berriak aktibatuz".

Geldiarazteko ahaleginek ez dutela etenik ohartarazi du Sarek. "Kriminalizazio-saiakerak ez dira guztiz bukatu. Presoen eskubideak defendatze hutsagatik, Porrotx edota Itziar Ituñoren kasuetan bezala. Denoi eragiten digun erasoaldia da, pentsamendu-askatasunaz eta eskubideez ari garelako. Preso, iheslari eta deportatuenak, baina baita adierazpen askatasunerako eskubidea eta eskubide hori erabiltzeagatik jazarria eta kriminalizatua ez izateko eskubidea ere".

Bakearen artisauen aurkako epaiketa
Horrez gain, Saretik gogorarazi dutenez, "ez dugu ahazten oztopo-lasterketa honek atal berri bat ezagutuko duela, Parisko Zigor Auzitegian Béatrice Molle eta Txetx Etcheverry bakearen artisauen aurka laster egingo den epaiketarekin. ETAk armagabetze-prozesuan armak entregatzen lagundu arren, inputatuak izan baitira. Bien ekimena da, baita ekimenean parte hartu zuten gainerako euskal artisauen eta herritarren ekimena ere, erakunde eta eragile politiko, sozial eta herritarren esker ona eta babes zabala jaso baitzuen".

Epaiketa horren bidegabekeria salatuko dutela iragarri du Sarek Bake Bidean-ekin batera, "eta bakea eta konponbiderako bidea sustatzen jarraituko dugu". Ildo horretan, "lanean jarraitzera animatzen zaituztegu, kalean eta ahal den eremu guztietan, erakunde politiko eta sozial gehiagok "Konponbiderako giltzak!" dinamikarekin bat egin dezaten ahalbidetzeko eta, beraz, presoak ahalik eta azkarren etxeratzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko".