Aitzaga K.E.-k 30 urte

Amebak abiarazi ditu Aitzagaren urtemugako ospakizunak

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 26a, 21:34

Aurten 30 urte beteko dituen Aitzaga Kultur Elkarteak Amebaren kontzertuarekin abiatu berri ditu ostiral iluntze honetan, urtemugara begirako ekimenak.

Urtemuga betean da Aitzaga Kultur Elkartea. 30 urte beteko ditu aurten eta dagoeneko ospatzen hasiak dira. Sarek ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan egin duen elkarretaratzearen ondotik abiatu ditu, hiru hamarkada hauek gogora ekarri, sorreratik elkartean lanean aritu direnen ahalegina aitortu eta indarberritzeko baliatu nahi duten ekimenen zikloa.

Hasteko, albiste honi atxikitako irudiotan ikus dezakezuen moduan, Ameba herriko taldearen kontzertu akustikoaz gozatu ahal izan dute Sareren elkarretaratzearen ondotik, Aitzaga atarira gerturatu direnek.

Malen Azpiazu, Jon Mikel Azpiazu eta Haritz Zabaleta hirukoteak girotu du afalaurreko poteo ordua, haienak dituzten abestiekin.

Aipatu moduan, kontzertu hau, ekainera arte luzatuko den zikloaren abiapuntua izan da. Ordura arte, hilero izango dira ekimenak; eduki politikoduna dutenak edota aisialdira begirakoak. Otsailari ekiteko, esaterako, barrikotea antolatu dute Aitzaga elkartean. 30. urtemugako zikloa, aldiz, egun osoko jaialdi batekin borobildu asmo dute ekainaren lehenean.


“30 urtez hegaldian”
Otsailak 2, ostirala
21:00
 Barrikotea Aitzaga elkartean.
Menua: baratxuri eta ganba nahaskia, bakailua piper eta tomate saltsarekin, saiheskia, postrea, kafea eta kopa.
Sarrera: 20 euro.

Ekainera arte...
Hilero ekimenak.

Ekainak 1, larunbata
Egun osoko jaialdia: bazkaria, kontzertuak...

Antolatzailea: Aitzaga kultur elkartea.