Kantuz girotzen aritu dira larunbat eguerdi honetan Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak herri erdiguneko kaleak. Hileroko ohitura berritu dute modu horretan. Oraingo honetan, abiatu berri duten ikasturteko lehen saioa zuten herriko plazan. Hilaren 15ean ekin zioten sasoi berriari. Bilgunea sortu zutenetik hamabost urte bete dituen honetan, euskal kantutegiari errepaso ederra eman diote gaurkoan ere.
Adi, ez da asteotarako kalean iragarri duten ekimen bakarra izango. Izan ere, otsailaren 4an, Santa Ageda bezperarekin batera, kantu-eskea iragarri dute. Iluntzeko 18:00etan Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berritik, Egurtzegi paretik abiatuko da herrian barrena egingo duten bira, “egunak eskatzen dituen jantzi, makila eta farolarekin”. Hitzorduan, herritar orok parte hartu ahalko du. “Ongietorriak izango dira bertso berriak, egun honetarako jarriak”.
Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen deialdiak
Otsailak 4, igandea
18:00 Santa Ageda bezperako kantu-jira, Egurtzegi, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berritik abiatuta.
Astelehenero...
18:00 Kantu Taldearen ikastaroa Agerialdeko musika gelan.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.