Usurbilgo bizilaguna, Azpeitiko ezbeharrean zendutakoa

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 29a, 09:10

Irudia: artxibokoa.

Larunbat eguerdian Azpeitian izandako istripuan zendutakoa Usurbilgo bizilagun bat dela jakinarazi dute hedabideek.

GI-631 errepidean gertatu zen ezbeharra, urtarrilaren 27an, eguerdiko 12:25 aldera, Azpeitia eta Zestoa artean, Zumarragarako noranzkoan. Motorzale  bat bidetik atera zen. Larrialdi zerbitzuetakoak istripua izandako eremura gerturatu zirenean ez zuten ezer egiterik izan. Gidariak zituen zauri larriak tarteko, ezbeharra izandako lekuan bertan hil zen. Ertzaintzak istripu honen nondik norakoak argitzeko ikerketa abiarazi zuen.

Urte berriko lehen hilabetea amaitu aurretik, dagoeneko hiru dira Gipuzkoako errepideetan izandako istripuetan zendutakoak. Haietatik bi motoristak. Azkena, hedabideek berri eman dutenez Usurbilgo bizilaguna da; Jon Berloso Zenteno. 44 urte zituen. Urola Kostako motozaleen elkarteko kidea zen Berloso. Sare sozialen bidez, omendu nahi izan dute; "lagun maitea, behar baino lehenago utzi gaituzu. Jakin ezazu beti gure artean egongo zarela. Orain, zauden lekuan zaudela atseden hartu lasai eta bide onenetik gida gaitzazu. Betira arte txapeldun!".