Batetik, iaz hartutako neurriek ere indarrean segiko dute aurtengoan. Horrez gain, "onarpen-prozesuak berritasun aipagarri batzuk dakartza". Tartean, "plaza eskuratuko dutela neba-arreba bizikide bat matrikulatuta dagoen ikastetxean hasierako maila eskatzen dutenek (2 urteko gelan, edo, halakorik ezean, 3 urteko gelan). Ikastetxe bakarra duten udalerri edo eragin-eremuetan bizi diren eskatzaileek ere eskuratuko dute plaza, ikastetxe bakar horretarako eskabidea aurkezten badute".
Bestalde, bereziki anai-arreba bikien kasuei eragingo dieten beste neurri berri bat ere iragarri du Eusko Jaurlaritzak. "Ikastetxe bereko sarrera-mailan bi neba-arrebak edo gehiagok egindako aldi bereko eskaerei buruzkoa da. Kasu horietan, baremoak 6,5 puntu ematen dizkio neba-arreba horietako bakoitzari".
Neurri berri hauez gain, "2024-2025 ikasturterako onarpen-prozesu berri honek ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzeko helburuarekin iaz abian jarritako berritasun eta neurri sortarekin jarraituko du. Gizarte eta hezkuntza ikuspegietatik hezkuntza-sistema orekatzearen alde egiten duten neurriak dira, eta inklusibotasun-irizpide nabarmena dutenak. Ezartzeko prozesu progresiboa denez, aurten 3 urteko geletarako onarpenera ere hedatu dira neurriok (iaz 2 urteko geletarako aplikatu ziren)".
Ikastetxeen hautaketa
Horien artean, segregazioa saihesteko "diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko". Bestalde, familiek betetako inkestetan jasotako informaziotik "definituko da zein ikasle hartuko diren zaurgarritzat". Hala, "era honetan, zona bakoitzerako Zaurgarritasun Indize erreferentziala zehazten da, ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopuruarekin batera. Helburua: eragin-eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako zaurgarritasun indizera hurbiltzea".
Haurrak non matrikulatu hautatzeko irizpideari dagokionean, aurten ere "familia bakoitzak bere eragin-eremuko ikastetxe guztiak hautatu ditzake seme-alabak eskolatzeko, edo beste eremu batzuetakoak, mugakideak izan edo ez, kopuru-mugarik gabe, egokitzat jotzen dituzten hezkuntza-baldintzak betetzen dituztenen artean. Beren interesen araberako hurrenkeran lehenetsiko dituzte". Aurrematrikulazio kanpaina familiek lehenetsitako ikastetxea "eskaintzen saiatzen da eta hautatutakoetan eskolatzeko aukerarik ez balego bakarrik eskainiko litzakete beste ikastetxe bat, markatutako ezaugarriak izango lituzkeena eta ikaslearen bizilekutik hurbil legokeena. Horregatik, oso garrantzitsua da familiek ahalik eta ikastetxe gehien hautatzea, dagokien ikastetxea ahalik eta gehien egokitu dadin euren interesetara".
Baita gertuen dagoena ere. Izan ere, "baremoko irizpideetan puntuaziorik handiena etxebizitzaren hurbiltasunagatik jaso daiteke". Aurten kasu berri bat aurreikusi dutela jakinarazi dute Hezkuntza Sailetik. "Eskatutako ikastetxea (publikoa zein pribatu itundua) ikaslearen bizilekutik hurbilen dagoena izatea, baina ez eragin-eremuaren barnean kokatua, baizik eta eragin-eremu mugakide batean".
Egutegia
a) Ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako puntuazioaren irizpideak zehaztea: otsailaren 6ra arte.
b) Eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea: otsailaren 7tik 23ra.
c) Eskabideak aldatzea: otsailaren 23ra arte.
d) Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: martxoaren 12a. Kontsultak egitea eta erreklamazioak aurkeztea: martxoaren 21era arte.
e) Onarpen-prozesuaren hasiera: martxoaren 12a.
f) Behin-behineko zerrendak argitaratzea: martxoaren 26a. Kontsulta: apirilaren 10era arte.
g) Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan: apirilaren 10era arte.
h) Eskabidean atzera egitea: apirilaren 10era arte.
i) Behin betiko zerrenden argitalpena: apirilaren 26a. Kontsulta: maiatzaren 30era arte.
j) Hezkuntzako lurralde-ordezkariek adjudikatutako plazen zerrendak argitaratzea: apirilaren 29a.
k) Behin betiko zerrenden aurka gora jotzeko errekurtsoak jartzea lurralde ordezkariari: maiatzaren 30era arte.
l) Estatistika-datuak grabatzea: maiatzaren 2tik 9ra. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.
m) Itxarote-zerrendaren indarraldia: irailaren 13ra arte.
n) Plazen erreserbaren iraunaldia: irailaren 13ra arte.
ñ) Ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde batzordeen indarraldia: irailaren 13ra arte.
Informazio gehiago, urtarrilaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
ZUBIETAKO ESKOLA
943 372 931
012219aa@hezkuntza.net edo zubieta@eskolatxikiak.org
www.zubieta.eskolatxikiak.org
AGINAGAKO ESKOLA
Ate irekien jardunaldia: otsailak 3, larunbata, 10:30-12:30.
Erriberako Kalea 7
Tlf: 943 372 044
Fax: 943 372 044
012261aa@hezkuntza.net
aginaga.eskolatxikiak.org
UDARREGI IKASTOLA
Ordutegia: hitzordua eskatzeko, deitu aurrez ikastolako 943 36 12 16 telefono zenbakira.
Informazio gehiago:
Gernika ibilbidea, 11
943 36 12 16
udarregi.eus
usurbil@ikastola.eus