Duela lau urte egin bezala, ekainean abiarazi zuten 2023-27 legealdirako plana aurkeztera doa Usurbilgo EHBilduko kideek osaturiko udal gobernu taldea. Udal gobernu taldeko kideek plangintza hau herriratzeko aurkezpen ekitaldia iragarri dute otsailaren 2rako, arratsaldeko 18:00etan Zumarte Musika Eskolako goiko solairuan, ganbaran hain zuzen. "Legealdiko Plana zereginak antolatzeko dokumentu bat da, udaleko langileek zein ordezkari politikoek erreferentzia gisa izan dezaten: osatu ere, elkarlanean osatu dute".
Orotara, 120 neurri bildu dituzte bertan, “Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitzeko: hitz batean esanda, Usurbiltzen jarraitzeko”, lankidetzatik; "elkarlanerako gonbidapena ere egin nahi izan die herritarrei, “bidea elkarrekin, usurbildar guztiekin, egiteko gonbidapena”.
Ostiralean emango dituzte ezagutzera 2027. urtera arteko Legealdiko Planari buruzko xehetasunak. Hiru ardatz nagusi izango dituela aurreratu du Usurbilgo udal gobernu taldeak. "Batetik, udal-gobernuak 2023ko maiatzeko hauteskundeetan aurkeztutako herri programa. Bestetik, aurreko legealditik datozen proiektuak eta orduan onartutako plan estrategikoak. Azkenik, udal-langileek zein hautetsiek udazkenean egindako lan-saioetan egindako aparteko ekarpenak. Guztiak jaso eta antolatu dituzte, Aztikerren laguntzarekin", azaldu dute udal gobernu taldetik.