Aitzaga K.E.-k 30 urte

Ospakizunei segida emateko, barrikotea Aitzagan

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 30a, 10:08

Iragan ostiralean Amebak abiarazitako Aitzaga Kultur Elkartearen 30. urtemugako ospakizunei segida emateko, barrikotea antolatu dute otsailaren 2rako. 

Ameba Usurbilgo musika talde gaztearen kontzertuaren eskutik, aurreko ostiralean abiarazi zituen Aitzaga Kultur Elkarteak aurten beteko dituen 30 urteei lotutako ospakizunak. Datorren ostiralean emango diete segida, elkartean bertan antolatu duten barrikotearekin.

Gogoan izan; ekainera arte luzatuko da urtemuga honi lotutako zikloa. Bitarte horretan, sorreratik lanean aritu diren kideen ahalegina aitortu eta eskertu nahi dute Aitzagakoek, urteotan herrigintzari egin dioten ekarpena nabarmendu eta bide honetan indarberritu baita, besteak beste, bazkide gehiago erakarrita.

Hilero dinamikak
Ekainaren 1ean, egun osorako iragarri duten jaialdiarekin borobilduko dute datozen sei hilabeteotako zikloa. Ordura arte, hilero izango dira ekimenak; eduki politikoduna dutenak edota aisialdira begirakoak. Otsailari ekiteko, aipatu moduan, barrikotea antolatu dute Aitzaga elkartean. 30. urtemugako zikloa, aldiz, egun osoko jaialdi batekin borobildu asmo dute ekainaren lehenean.

“30 urtez hegaldian”
Otsailak 2, ostirala
21:00
 Barrikotea Aitzaga elkartean.
Menua: baratxuri eta ganba nahaskia, bakailua piper eta tomate saltsarekin, saiheskia, postrea, kafea eta kopa.
Sarrera: 20 euro.

Ekainera arte...
Hilero ekimenak.

Ekainak 1, larunbata
Egun osoko jaialdia: bazkaria, kontzertuak...

Antolatzailea: Aitzaga kultur elkartea.