Informatikari laguntzaile jarduteko udal lanposturako izena emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 31a, 08:45

Informatikari laguntzailea behar duela jakinarazi zuen Usurbilgo Udalak iragan astean. Interesdunek gaurkoa dute, urtarrilaren 31, Lanbideren webgunean argitaraturiko eskaintzan izen-emateko azkeneko eguna.

Langile baten beharrean dira udaletxean; informatikari laguntzaile postua bete nahi du Usurbilgo Udalak eta horretarako lan deialdia plazaratu du. Oraingoz, sei hilabeterako kontratatu nahi dute langile bat,  baina beste hiru hilabetez luzatzeko aukera ere egon daitekeela ohartarazi dute.

Interesdunek gaurkoa, urtarrilaren 31 dute izen-emateko azken eguna, lanbide.eus atarian. Bertan, nahiz udal webgunean dituzue lan deialdi honen oinarriei buruzko xehetasunak. Izena, aldiz, Lanbideren atarian eman beharko da. Adi, Udaletik zabaldu duten oharrari. "Merituak baloratzeko Lanbideko curriculuma hartuko da kontuan. Beraz, izangaiek curriculum hori eguneratu gabe duten kasuetan, eta hortik kanpoko merituak baloratu ahal izateko, hautagaiek pertsonalgoa@usurbil.eus helbidera bidali beharko dute dokumentazioa".

Lan-poltsa osatzeko
Bigarren ohar hau ere kontuan hartzekoa da. Lan deialdi honen Lanbideko iragarkian ikusiko duzue zehaztua datorrela hileko soldataren zenbatekoa (2.847,60 eurokoa), baina ez dago zehaztua soldata hori gordina dela, "ez garbia".

Deialdi hau lanpostu bat betetzetik haratago baliatu nahi du Udalak. "Udalak informatikarien hainbat lan-poltsa eskatu eta erabiltzeko aukera izan du, baina ez da izangairik lortu. Horregatik, jo du Lanbidera, eta lanpostua betetzeko ez ezik, udalak lan-poltsa osatzeko ere baliatuko du deialdia".

Hemen lan deialdi honi buruzko xehetasunak:


Lan deialdia
Lanpostua:
informatikari laguntzailea.
Titulazioa: informatika-sistemen administrazioko goi-mailako teknikaria edo baliokidea eta 3. H.E euskaran.
Esperientzia: tokiko-administrazioan edo administrazioei zerbitzua emanez sektore pribatuko esperientzia.
Kontratua: sei hilabeteko aldi baterako lan kontratua eskaintzen da (luzagarri), lan kargagatik. Jardunaldi osoan 6,5 ordu/egunean.
Soldata gordina: 2847,60 euro.
Lan deialdian izen-emateko epea: urtarrilak 31.
Izen-ematea eta informazio gehiago:
lanbide.eus
usurbil.eus
Hasteko aurreikusitako data: otsailak 12.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.