Atzera begira

15 urte bete dituen Kantu Taldearen jira larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 23a, 09:07

2009. urte hasieran osatu eta martxan jarritako Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak hamabost urte bete ditu. Larunbatean, hilero moduan, kantu-jiran irtengo dira.

Otsaileko azken larunbata ate joka; kantu-jiran irteteko eguna izango da otsailaren 24a. Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak deitu du hitzordu hau. Larunbat eguerdiko 12:00etan egin dute biltzeko hitzordua, Mikel Laboa plazan. Ohi bezala, ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.

Bestalde, Kantu Taldekoak astelehen arratsaldero biltzen dira ikastaroko saioetarako 18:00etan Agerialdeko musika gelan. “Beti bezala, kantu zaharrak eta berriak errepasatzea eta ikastea izango da entseguetako helburu nagusia, urteko tradiziozko pasadizoetan parte hartuz, kantu-afariak antolatuz, Sutegin kontzertu ekimenen bat plazaratuz, herrian zehar hileroko kantu jirak ospatuz eta abar. Azken finean, kantatzeko ohitura hauspotzea, transmisio kultural bat sustatzea euskaratik eta euskaraz, lagunarteko harremanak bultzatuz sortzen den giro ederraz gozatzea eta beste herrietako kantuzaleekin adiskidetasun bat jorratzea kantu-saio-trukaketak bultzatuz”.

Hamabost urte bete ditu Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. 2009ko urtarrilean osatu zuten bilgunea. Ordutik, hamaika ekimen antolatu dituzte eta beste hainbestetan edo gehiagotan herri eragile gehiagorekin lankidetzan plazaratu izan dira. Honatx une hartan NOAUA!ri eskaini zioten elkarrizketa:


Ohitura historikoa izan dena berreskuratzea. Asmo horrekin osatu da Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, euskal musika taldeengana gerturatu eta haien lana kalez kale plazaratu nahi duen bilgunea. Beste herrietan ugaritzen ari den kantu kalejiren dinamika sortzeko asmoa dago Usurbilen. Lehen urratsa eman dute dagoeneko; urtarrilaren 13tik aurrera euskal kantu ikastaroa antolatzea.

NOAUA! Taldea nolatan osatu duzue?
Mikel Usabiaga. Herritar batzuk kantu afaritara joanez gabiltza eta egia esan, Usurbilen lehendik kantatzeko ohitura handia genuen. Mahai baten inguruan bildu eta ondoren, kantatzen bukatzen genuen. Ohitura galdu dela ikusten dugu. Kantu afaritara joaten garenok halako osasun terapia egiten dugu. Zoragarria da eta askotan biltzen gara Ipar Euskal Herrikoekin. Beti erronka bota izan diogu elkarri. Halakorik Usurbilen antolatu beharra dagoela esan izan dugu. Baina beti uzten. Hondarribian, Zarautzen, Hernanin... hil bakoitzaren bukaeran ateratzen dira kalera kantatzera.

N. Ohitura hedatzen ari da gainera?
M. U. Bai. Orain gutxi Urruñan egon gara. Ehun bat pertsona bildu ginen. Izugarrizko giro ona izan genuen, liburuxka batekin gutxienez bi ordutik gora kantatzen aritu ginen, afalostean. Izugarrizko arrakasta duen ekintza bat da, eta asko gozatzen dugu. Gure helburuetako bat, Usurbil Kantuz herrian antolatzea litzateke. Talde bat bildu gara. Ikastolako irakasle Susi Elosegik bere burua laguntzeko eskaini zuen. Bide onetik zihoan guztia eta ikastaroa antolatzea pentsatu dugu. Helburua, kantatzeko ohitura berreskuratu, euskal kantuak bultzatu eta gure abeslari taldeak gertuago sentitzea da. Egiten duten lana geureganatzea. Guk ere haien kantak abestu eta Usurbilen herri dinamika bat sortzea litzateke gure asmoa.

N. Ekimen horretako lehen pausoa beraz, ikastaroa izango da?
M. U.
Lehenbizi ikasten hasi beharko dugu, edo lotsa galtzen. Honek ez luke izan nahi musika eskolako abesbatza koral ofizial bat, kantatzen gozatzeko herritarren bilgunea baizik. Honen ondorioz, beste herrietan abian den dinamika bat etor liteke. Noizbehinka, herritik osteratxo bat kantatuz egitea. Herrian kantu afariak antolatzea Ipar Euskal Herrikoekin harremanetan jarriz, elkar ezagutuz. Ia kantuz elkartzen garen.

N. Kanturako gogoa, baldintza bakarra.
M. U.
Baldintza bakarra euskal kantuak kantatzeko gogoa izatea da, gutxienez astean behin ordubetetxo bat. Denok dakizkigun kantuekin hasiko gara. Eta gero ikusiko dugu zer egin, zer dinamika sortu. Agian, Santa Ageda edo eguberrietan, interesgarria litzateke gure ekintza plazaratzea.

N. Euskal kantu orok izango du bere lekua?
M. U. Badakigu 16-17 urteko talde bat datorrela. Pentsatzen dut horiek orain gutxiko kantuak nahiko dituztela abestu. Aspaldikoak garenok aldiz, Laboa edo Lertxundirenak. Guk lehenbiziko bileran liburuxka bat egiteko asmoa planteatuko dugu, partaide bakoitzak aukeratuko lituzkeen hiruzpalau kantekin. Hartara bakoitzak, norbere eta besteen kantuak aurkituko ditu bertan. Liburuxka zabala, oso irekia da.

N. Euskal kantuak bizirik mantentzeko, transmisio lana beharrezkoa da beraz?
M. U. Euskal taldeek egindako lana guk ere plazaratzea. Asko poztuko ginateke, herriko tabernariek edota publikoaren aurrean musika jartzen duten guztiek euskal kantuak gehiago jarriak balituzte, on egingo lukete. Giro hau bultzatuko lukete.