Musukoaren erabilera gomendagarria berriz, ostiraletik aurrera

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 31a, 17:37

Duela hiru astetik osasun zerbitzuetan derrigorrezkoa zen musukoaren erabilera, ostiraletik, otsailaren 2tik aurrera, gomendagarria izango dela ohartarazi berri du Eusko Jaurlaritzak.

Hiru astez derrigorrezkoa izan ostean, otsailaren 2tik, hau da, ostiral honetatik aurrera, gomendagarria baino ez da izango berriz musukoaren erabilera osasun zerbitzuetan. "Urteko laugarren astean Arnas Infekzio Akutuen tasa berriro jaisteak Osasun Sailari aukera ematen dio bertan behera uzteko Osasun Ministerioak bere kabuz ezarritako derrigortasuna —Euskadik Estatuko tasarik txikienetakoa zuen arren bete behar izan duena—. Bihar EHAAn argitaratuko den Aginduaren bidez, ostiralean geratuko da bertan behera derrigortasun hori".

Halere, musukoa erabiltzea gomendatzen segiko du Eusko Jaurlaritzak orain arte bezala, egun horretatik aurrera ere, baita prebentzio neurriak hartzen segitzea ere. "Osasun Sailak, beste behin ere, euskal herritarrei gomendatzen die kutsatzeko arrisku handiena dagoen leku eta egoera guztietan prebentzio-neurri egokiak hartzen jarrai dezaten, gehienek egiten duten bezalaxe".

Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izatea uzteko erabakia, arnasbideetako birusen intzidentzian asteotan izan den murrizketagatik hartu dute. "2024ko laugarren asteari dagokion Arnas Infekzio Akutua zaintzearen azken txostenak aditzera ematen du gripearenbirusaren zirkulazioak eta COVID-19aren intzidentziak berriro behera egin dutela, baita Arnas Birus Sinzitalarendetekzioak eta bronkiolitisaren diagnostikoak ere".

Arnas Infekzio Akutuaren tasa zenbakitan
Iturria: Eusko Jaurlaritza.
Lehen arreta zerbitzuan:
-100.000 biztanleko 516,3 kasu (aurreko astean, 562,9 kasukoa).
-Adin-tarteen arabera: tasan murrizketa 15 urtetik gorakoen artean, "gora gainerako kasuetan" (0-4 urte artekoen taldeak intzidentzia handiena, 100.000 biztanleko 2.214,7 kasu).

Ospitaleetan:
-100.000 biztanleko 15,9 kasu (iragan astean, 100.000 biztanleko 21,1 kasu). 
-Adin tartearen arabera: murrizketa adin tarte guztietan, 64 urtetik gorakoen artean intzidentzia handiena.
-Gripe kasuak: %25,9 aste honetan, %23,1 aurreko astean.
-Covid19 kasuak: %7,7 aste honetan, %11 aurreko astean. 
-Arnas Birus Sinzitalaren kasuak: %8,2 aste honetan, %9,5 aurreko astean.

Espainiako Gobernuaren aginduz
Negu hasierako ospakizun egunen ondotik, egunerokotasunera itzuli ginen urtarrilaren 8ko astean musukoa izan genuen berriz albiste. Izan ere, astelehen hartan Espainiako Gobernua eta autonomia erkidegoetako osasun zerbitzuetako arduradunak bildu ziren musukoaren erabilera derrigortu edo ez erabakitzeko. Ez ziren ados jarri.

Bi egun beranduago, osasun zerbitzuetan musukoaren erabilera derrigortzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzak neurria betearaziko zuela erantzun zuen, baina erabaki horren aurka agertu eta helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen. "Ministerioak ez du justifikatu neurriaren premia larria", azaldu zuten Jaurlaritzatik. Hiru asteotan, derrigorrez erabili behar izan da musukoa anbulatorio nahiz ospitaleetan.