Urtarrilaren 5az geroztik, 15 laneguneko alegazio epean izan ziren abenduaren 20ko osoko bilkuran estreinakoz kontrako botorik gabe onarturiko 2024ko udal aurrekontuak. Tarte horretan, inork alegaziorik aurkeztu ez ostean, behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak 2024. urterako aurrekontuak. Hala jakinarazi du, ostegun honetako, otsailaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.
13 milioi euro pasatxo izango ditu herri honek urte berri honi begirako egitasmoei heltzeko, "kasik iazkoaren pare", azken hamarkadako aurrekontu proiektu handienetakoa da behin betiko onartu dutena; zehazkiago esanda, 13.117.569,45 eurokoa hain zuzen.
Estreinakoz, kontrako botorik gabe hasieraz onartu zituzten 2024ko udal aurrekontuak, abenduaren 20an egin zuten osoko bilkuran. Izan ere, EHBilduko gobernu taldeko kideekin batera, EAJ-ren ordezkariek ere alde bozkatu zuten. PSE abstenitu egin zen.
Hain zuzen, orain arte izan gabeko adostasun maila handia nabarmendu nahi izan zuten udal gobernu taldetik. Hasieraz onartzera zihoazenak adostasunaren, auzoak eraberritzearen eta herri misioetan sakontzen duten aurrekontu gisa definitu zituen udal gobernu taldeak urteko azken osoko bilkuran.
Ez Dok Amairu parkea
Bost erronka handiei erantzun nahi diete udal aurrekontuok. Batetik, trantsizio ekosozialaren ildoa jorratuko dute; efizientzia energetikoari, energia berriztagarriei, hondakinen kudeaketari, mugikortasun jasangarriari edota klima teknikariaren kontratazioari lotutako neurriak iragarri ditu udal gobernu taldeak. 650 Usurbil Bizi egitasmoa izango da beste lan-ildoetako bat; Ez Dok Amairu parkea eraikiko dutela iragarri zuten. Gizarte babesa indartzera bideraturiko udal aurrekontuak izango dira baita 2024koak, eta besteak beste, "inbertsio handia" iragarri dute zaintza ekosistema eredu berria inplementatzeko.
Hitzarmenak
Horrez gain, Udalaren eraldaketara ere bideratu nahi dituzte aurrekontuok, "misioak ardatz dituen gobernantza eredu berrira" eta udalaren digitalizaziora. Usurbilgo herri nahiz auzoak eraberritzeko ere hainbat neurri iragarri zituen udal gobernu taldeak abenduaren 20ko osoko bilkuran; Kalezar seguruago izateko oinezkotzea, Aginagako Elutx bideko berdeguneko proiektua eta bertako Eliza Zaharreko teilatu konponketa. Zubietari dagokionean, Herri Batzarrarekin adostu beharreko diru partida bat du Udalak, Txokoaldeko zubia berritzeko hitzarmena Eusko Trenbide Sarearekin eta hitzarmena baita Matiarekin, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrira iristeko autobus geltoki berria eta igogailua eraikitzeko. Handik hurbil, Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxearen irekiera ere aurtengo erronken baitan kokatu zuten.
Elkargunea
Horrez gain, etxebizitzaren gaiari heldu nahi dio udal gobernu taldeak. Etxe hutsen diagnosia egin eta berriki, zonalde tentsionatu gisa izendatzeko udalerri honek duen aukeren bueltan zer nolako urratsak eman ere aztertu asmo dute.
Gogoan izango duzue, bestalde, aurreko udaberrian aurkeztu zuten Usurbilgo kultur eragileak nahiz aisialdi alorrean dabiltzanak bateratuko dituen Elkargunea. Huraxe definitzeko parte hartze prozesua abiaraztekoak dira aurten.
Ekarpen onartuak
Hasieraz onartuak dauden udal aurrekontuen partiden artean, badira oposizioko talde politikoek eginiko ekarpenak. Horiek txertatzeko "ahalegin handia" egin dutela nabarmendu zuen alkateak 2023ko azkeneko osoko bilkuran. "Gehienei bide eman zaie. Emendakin guztiak aho batez onartu" zituztela ere gaineratu zuen. Horien artean, adibide gisa aipatu zituen, espazio publikoa hobetzera, kirol arloko dirulaguntzak handitzera edota tokiko merkataritzaren garapenera bideratuko dituzten partidak.
"Hau da bidea"
Botoa eman aurretik hitza hartzeko izan zuten tartean, EAJ-tik udal aurrekontuok babestuko zituztela iragarri zuen Xabier Otxoa bozeramaileak. "Bi aldeetatik adostasunerako borondatea egon da. Hau da bidea", nabarmendu zuen, ildo horretan segitzeak ekar ditzakeen onurak ahotan hartzearekin batera; "elkarrekin gauza onak lor ditzakegu usurbildarrentzat". Urrats hau, horren guztiaren "hasiera izatea" desio izan zuen. Ildo beretik mintzatu zen baita Petra Romero. PSE-ren bozeramailaren esanetan, "ezberdinen arteko elkarlana" goraipatu zuen, "hau da egin behar den bidea" adieraztearekin batera. Baina iragarri zuenez, "ezin dugu bat etorri partida batzuen xedearekin". Horregatik, abstenitzea erabaki zuen.
Aukera galdua
Udal gobernu taldetik pozgarritzat eta pauso garrantzitsutzat jo zuten EAJren aldetik, "adostasunera heltzeko agerturiko prestasuna". Zentzu horretan, pozgarritzat jo zuen Ainhoa Arrozpidek "gaur hemen gertatzen ari dena", eta "balioan jarri nahi dugu". Aldiz, kritiko agertu zen PSEtik iragarritako abstentzioarekin. "13 milioi euroko aurrekontuetatik 90.000 eurorekin desados agertzea nahikoa da abstentzioa justifikatzeko? Gure ustez, ez". EHBilduren esanetan, osoko bilkura horretan, "herri akordio oso garrantzitsua" izateko aukera galdu zen.
Halere, "herri garapena osatzen dute ezberdinen arteko akordioek", adierazi zuen alkateak. Bide horretan, "gu hor egongo gara", iragarri zuten EHBildutik. Udal aurrekontuen hasierako bozketarekin gertaturikoa, "izan dadila legealdiko praktika nagusia" desio nahi izan zuen Agurtzane Solaberrietak.