Inauteriak

"Urderen etorrera" iragarri du Orbeldik datorren mozorro festarako

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 1a, 10:43

Orbeldi Dantza Taldea urtero arduratu izan da inauteri jaietako larunbat goizeko dantzaldiaz eta bezperako kalejiraz. Aurten ere egun horietan eurekin dantza egiteko aukera izango da, baina berrikuntza nabarmenekin: Urde eta lagunak izango ditugu herrian.

Orbeldi Dantza Taldearekin inauteri bezperan herriko kaleetan barna kalejira egiteko aukera izan ohi da, bai eta larunbat goizetan haurrei zuzendutako dantzaldia ere. Aurten ere, kalejira izango da otsailaren 9an eta dantzaldia biharamunean, baina adi, bi ekitaldietan izango baitira berrikuntzak.

Ostiraleko kalejirak protagonista berriak izango ditu eta hilaren 10ean, frontoian dantza egin beharrean karroza batekin herriko kaleak hartuko dituzte dantza taldekoek.

Urderen etorrera
Ostiral arratsean, otsailaren 9an, zazpietan kiroldegitik abiatuko dute kalejira herriko hainbat txokotako bidea hartuta. Dantza taldekoek urtero euskal dantza ziklo bat hautatu ohi zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetakoa eta inauteri girokoa eta dantza horiek erakusten zituzten kalejiran. Aurten, ordea, ohiko ideia aldatu eta beste zerbait egitea erabaki dute: Usurbilen sortutako herri inauteri propioa.

Inauteri propio hori sortzeko, herriari lotutako pertsonaia batzuk sortu dituzte eta protagonista nagusia izango dena: Urde. Pertsonaia hau eta beste hainbat kalejiran aterako dira kiroldegitik ostiral arratsaldean. Kalejira horretan, herriko edonork parte hartzeko aukera izango du dantzatu eta kantatzeko aukerarekin. Herri inauteri batzuk sortzeko lehen zertzelada modura prestatu dute ekitaldi hau Orbeldi Dantza Taldeak Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Kantu Taldearekin batera.

Urde ez da inauterietako pertsonaia berri bakarra izango. Lagun izango ditu Usurbili zuzenean lotuta dauden lau pertsonaia gehiago: anguleroak, zakuzaleak (Udarregi Ikastolan haur txikiak mozorrotzen diren gisako pertsonaia), lamiak eta harrapariak. Pertsonaien argazkiak Orbeldik sare sozialen bidez erakutsiko ditu aste honetan herritarrek pertsonaiak irudikatu ahal izateko.


Abesteko aukera ere izango da
Kalejiran pertsonaia horiekin topo egiteko aukera izango da, eta Usurbilgo Kantu Taldeak ere ekitaldi honetan parte hartuko duenez, euskal dantzak egiteaz gain, abesteko aukera ere izango da. Mozorrotuta agertzeko deialdia egin dute ekitaldi honetarako Orbeldiko kideek.


Karroza herrian barrena
Larunbat goizean frontoian egin ohi duten dantzaldiak ere berrikuntzak izango ditu. Izan ere, aurten ekitaldia ez da frontoikoa izango; herrian barna egindako kalejira baizik. Karroza bat prestatu dute Orbeldiko lagunek eta herrian ibiliko dira denetariko musikarekin goizeko 11:30etik aurrera. Ekitaldi honetarako tradizioari protagonismoa kenduko diote eta estilo askotako dantzak egingo dituzte. Azken urteetan koreografia ugari prestatu dituzte eta horiek ere lekua izango dute, bai eta euskal dantzek ere.

Ekitaldi honetan txikiek izango dute protagonismoa, nahiz eta kalejira herritar guztientzat egokia izango den.


Inauteri Festa
Otsailak 9, ostirala
19:00
Urderen etorrera. Kiroldegitik abiatuta kalejira. Mozorrotu eta etor zaitez gurekin Usurbilgo inauteriaz gozatzera!

Otsailak 10, larunbata
Gaia:
fauna.
11:30 Mozorro dantza-kalejira Kiroldegitik abiatuta!
12:30-14:00 Joaldunak kalean zehar.
18:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira.
22:30 Itzal erromeri taldearen emanaldia frontoian.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, Orbeldi dantza taldea, Zumarte musika eskola eta Usurbilgo Joaldunak.