Eskubaloiaz gozatzeko eskola gaztetxoentzat

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 1a, 10:00

Argazkia: Usurbil K.E.

Belaunaldi berria eskubaloira erakarri, kirol jarduera hau sakonago ezagutu, zaletuz gero klub barruko dinamikan murgilarazteko aukera eskaini eta orain arteko katean etenik ez izatea. Usurbil Kirol Elkartetik eskubaloi eskola iragarri dute hurrengo hilabeteotarako Oiardo kiroldegian. Lau mailatako ikasleei zuzenduriko ekimena da honakoa; LH 3. mailan hasi eta 6. mailara arte, tarte horretan dauden herriko gaztetxoentzako.

Jokalarien gabezia iraultzeko
Kirol elkarte honetara heldu daitekeenari aurre hartu nahi diote. Izan ere, batetik, haurren jaiotza-tasa murriztu da azken urteotan eta horren isla da, jada belaunaldi gazteenean jokalari kopuruan sumatzen ari diren murrizketa. Bestetik, eskolaz kanpoko aisialdi eskaintza zabaldu da urteotan eta hori ere nabaritu dute Usurbil K.E.-n. "Jokalarien gabezia ikusten ari gara. Geroz eta zailtasun gehiago ditugu taldeak osatzeko", adierazi diete aipatu bilgunetik NOAUA!ri.

Egungo egoera zertan den argitzen duten datuok eskaini dizkigute kirol elkartetik. "Aurten infantiletan talde dezente ditugu, baina alebinetan 6-7 jokalari. Hurrengo denboraldira begira, infantiletan talde gabe gera gaitezke", ohartarazi dute. NOAUA!ri zehaztu diotenez, "aurten, jubenil mutiletan talderik ez dugu, baina beste maila guztietan bai. Infantiletan, mutiletan eta nesketan bi talde. Hurrengo denboraldian, ordea, mutil guztiak mailaz igoko dira, kadeteetara. Nesketan talde bakarra geratuko litzateke infantiletan", azaldu dute Usurbil K.E.-tik.


Eskubaloiaz gozatzea
Horregatik, pixkanaka parte hartzaile kopuruan izandako murrizketa iraultzeko, garai bateko errendimendu saioak berreskuratzea erabaki dute. Hitzorduotan, "eskubaloiko ariketa ezberdinak egingo ditugu. Eskubaloian zentratuko gara baina ez jarduera honetan soilik, talde jolasak ere egingo ditugu", iragarri dute. Guztia, helburu argi batekin; "Haurrek eskubaloiaz gozatzea, kiroldegiko bizipen onak izatea eta horrekin jende gehiago erakartzea", dute xede nagusi, adin ezberdinetako kideen arteko laguntasun harreman berriak eraikitzea bultzatzearekin batera. Dinamiketarako, gainera, herrian haien kirol ibilbidea hasi eta gerora maila gorenean lehiatzen ari diren eskubaloi jokalariak eskola honetara ekartzen ere ahalegindu nahi lukete.


"Bukatzeko penaz"
Hilabeteotan abiarazi nahi duten eskolak badu aurrekaririk. Izan ere, iazko udan, ekaina amaieran estreinakoz eskubaloi "kanpusa" antolatu zuten, gaztetxoak udako oporraldian murgildu berritan. Lauzpabost egunez Usurbil Kirol Elkarteak antolaturiko dinamiketan parte hartzeko aukera izan zuten. "Zoragarria izan zen. Oso ondo pasa genuen bai umeek eta begiraleek", nabarmendu dute eskubaloi taldeen bilgunetik. "Bukatzeko penaz" zirela oroitzen dute. Deialdiak aurreikuspenak gainditu zituen antolatzaileen esanetan. "Ez genuen espero hainbeste jende etorriko zenik", Usurbil K.E.-koen esanetan. Artikulu honi erantsitako irudikoak dituzue ekimenean parte hartu zuten gaztetxo eta begiraleak. Aurtengoan ere esperientzia errepikatu asmotan dabiltza uda partean.

Doan
Aurrerago zehaztuko dute saioen egutegi zehatza. Usurbil K.E.-tik aurreratu dutenez, hilero bi igandeetan eskaini nahi dituzte eskolak, 12:00- 13:15 artean. Doakoak izango dira saio hauek guztiak, aipatu moduan LH 3, 4, 5 eta 6 mailatako ikasleei zuzendurikoak. Ez da aldez aurretik izena eman beharko, Oiardo kiroldegiko txartela izatea aski izango da. Saioak hasi baino bost edo hamar minutu lehenago kiroldegi atarira joateko deia egin dute eskubaloi taldeen bilgunetik eskolan parte hartu nahi dutenei. "Gogotsu etortzea" nahikoa izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, "zenbat eta haur gehiago, hobeto", prestatuko dituzten dinamikak egoki bideratu ahal izateko. "Gu prest izango gara haurrek ahalik eta ondoen pasatzeko. Dena emango dugu".