Inauteriekin eta Kulturaldiarekin, NOAUA! K.E.-rena otsaileko kultur eskaintzaren zati handiena

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 1a, 14:37

NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko ekitaldiek girotuko dituzte otsaileko lau asteburutik hiru. Inauteriak eta Kulturaldia izango ditugu hurrengo asteotan, baina baita ikastaroak, bilerak, sorkuntzari lotutako hitzorduak...

Estreinatu berri dugu 2024. urteko bigarren hilabetea, otsaila. Herri bizitza neguko ospakizunen eta hainbat kultur hitzorduren eskutik suspertuko da hurrengo asteotan. Santa Ageda bezpera biziko dugu lehenik, igandean, hilabete amaierarako ohi bezala kantu-jira iragarri eta 15 urte bete dituen Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoen eskutik.

Inauteriek hartuko diete lekukoa segidan; otsailaren 9an eta 10ean. Ikastetxeetako mozorro festen ondotik, Orbeldikoen kalejirak girotuko gaitu Inauteri Festarako. "Urderen etorrera" iragarri dute eta gu guztiok harrera horretarako mozorrotzera gonbidatu gaituzte. Baita biharamunean, hilaren 10eko Inauteri Festa egun nagusian ere. Dantza taldekoen eta Zumartekoen eskutik, karroza eta guzti kalejira parte hartzailea iragarri dute goiz partean. Burrunbazale txarangakoekin festa giroak herrian gora eta behera segiko du iluntze partean eta Itzal erromeria taldekoekin parranda giroa goizaldera arte luzatuko dute.

Gogoan izan, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko ospakizun egun honetarako gaia ere erabakia dago; fauna da hautaturikoa. Mozorrotuta plaza giroan murgiltzeko deia egin dute kultur elkarte honetatik.

Kulturaldia
Ez da bertatik egin den deialdi bakarra. Izan ere, NOAUA! K.E.-k estreinakoz azarotik otsailera aurreratu du Kulturaldia. Bost ekitaldi iragarri ditu hilaren 16tik 25era; "Bizkarsoro" filma, Tapia eta Leturiaren kontzertua, "Ztandap" binakako bakarrizketa saioa Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren eskutik, "Toto" antzezlana eta "Etxe bat" poesia errezitaldi musikatua Peru Galbete eta Yolanda Arrieta herrikideekin. 

Bilkurak
Ziklo honez gain, bestelako bilerek ere tokia izango dute estreinatu berri dugun hilabete honetan. Ostegun honetako trantsizio ekosozialari lotutako ko-sorkuntza saioaz gain, Elkargunea eraikitzeko parte hartze prozesua abiaraziko dute larunbatean. Hilabete honetarako, bi saio iragarri dituzte. 

Usurbilgo 2024ko jaiak ere antolatzeko lanak hasteko garaia da; Jai Batzordeak hilaren 6rako deitu du lehen bilkura. 

Urteurrenak
Oroitzeko eta omentzeko hilabetea ere izango dugu otsaila, urtemugena alegia. Hasteko, duela hamar urte zendu zen Jon Uribe Navarro gaztearen omenez, kontzertu gaua eskainiko diote herriko musika taldeek larunbat honetan bertan, Jontxu Rock ekimenean. Gogoan izan, bestalde, Aitzaga Kultur Elkarteak 30 urte bete dituela eta ospakizun betean murgildu dutela bilgunea. Ostiralerako, barrikotea antolatu dute. 

Zinea eta xake topaketa
Gaztetxoentzako ere hitzordurik ez da faltako asteotan. Batetik, negu parteko euskarazko zine zikloko proiekzioa, igande honetan; "Ainbo: Amazoniako gerraria" eskainiko dute Udalak eta Ziortzak Sutegin. Handik atera gabe, iazko estreinako edizioak izandako arrakastaren ondotik, 2. Xake Topaketa antolatu du udal liburutegiak. Baita "Azalerako Ipuinak" Saioa Bikandirekin.

Sorkuntza lanez ari garela, Udabiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan, Iñaki Martiarena "Mattin"ek iazko udan Usurbilen egindako egonaldian ondutako "Handantza" egitasmoa aurkeztuko du jendaurrean.

Emozioak eta euskara
Amaitzeko, gaurkotasun handiko bi gaiei tartea egingo die herri honek otsaila honetan. Batetik, Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkarteak, Gaztelekuarekin, Udalarekin eta Foru Aldundiarekin lankidetzan, Treba gurasoak egitasmoaren baitan hitzaldi sorta iragarri dute. Lehenengoan, "haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak” izango dute hizpide nagusia.

Euskararen egoera izango da herri honetako beste mintzagaia hilabete honetan. Izan ere, Korrika Kulturalaren baitan, "Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek?" izeneko hitzaldia programatu dute Potxoenean hilaren 14an, Iñaki Iurrebasorekin.

Egunez eguneko ekitaldien berri web orrialde honetako "Agenda" atalean jaso dezakezue. Hitzorduetarako sarrerak edo gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue.