Arrakastatsua izaten da, urtero garai honetan Usurbilgo Udalak Ziortza gazte elkartearekin lankidetzan gaztetxoentzat antolatzen duen euskarazko zine zikloa. Hilero Sutegiko auditorioko aulki erosoetan jarri eta denetariko animaziozko istorioetan murgiltzeko aukera izaten dute haurrek.
Azaroa amaieran ekin zioten aurtengo edizioari. Otsailean sartzera goazen honetan, antolatzaileek jakinarazi dute datorren proiekzioko izenburua zein izango den; "Ainbo: Amazoniako gerraria". Otsailaren 4an eskainiko dute, igande honetan bertan. Sarrerak salgai dituzue usurbilkultura.eus plataforman.
Euskarazko zine zikloa haurrentzat
Filma: "Ainbo: Amazoniako gerraria".
Eguna: otsailak 4, igandea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "Moana eta Frozen bezala, “Ainbo: Amazoniako gerraria” heroi epiko baten zeharkaldia da, Amazoniako herri indigenen bizi-eremuan barrena egiten duena. Mezu ekologista garbia dakar, natura neurriz kanpo ustiatzen dabiltzan horien aurrean. Ainbo txikia Amazoniako oihan sakonean bizi da. Ama galdu ondoren, herrixkako nagusiekin haserretu da arkulari gaztea, eta bidaia bati ekingo dio bere herria gizon zuriaren handinahi suntsitzailetik salbatzeko. “Ainbo” heroi gazte baten eta bere espiritu gidarien bidaia epikoa da: Dilo, armadilo txiki eta jostalaria; eta Urde, tapir mardula. Elkarrekin ekingo diote bilaketari, Amazoniako oihan zoragarriaren erdian dagoen euren bizilekua salbatzeko".
Sarrera: 3,20 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Ziortza gazte elkartea eta Usurbilgo Udala.