Anbulatorioa, Oiardo kiroldegia edota Udarregi ikastola inguratzen dituen belardian eraikiko dute etorkizuneko Usurbilgo Elkargunearen egoitza izango dena. "Lanean aritu gara proiektu hau gauzatzeko urratsak ematen. Udaleko teknikariekin nahiz eragileekin aztertu dugu Usurbilgo Elkargunea non eraiki litekeen eta badaukagu adostasuna", berri eman zuten denek urtarrilaren 19an Elkargunearen etorkizuneko kokagunean bertan egindako agerraldian.
Nerabeen, gazteen eta kulturgileentzako, nork bere egitasmoak bideratzeko, lankidetzarako nahiz biltzeko espazio berri baten beharrak batu zituen eragile guztiok orain arte elkarrekin jorratu duten bidean urrats berriak ematera doaz; kokagunea erabakita, Elkarguneak egoitza izango duela adostuta, huraxe diseinatzeko parte hartze prozesua abiatzera doaz. Larunbat honetan bertan izango da, otsailaren 3an. "Zer nahi dugu Elkargunean gertatzea?" hortxe prozesu honen sustatzaileek hitzordu honi begira proposatu duten galdera.
Izaera desberdineko saioak
Elhuyarrek dinamizatuko du Elkargunearen eraikinari lotutako partaidetza prozesua. Abiatzera doazen partaidetza prozesuaren xede duten Elkargunearen definizio partekatu horretara iristeko sei saio aurreikusi dituzte hilabeteotarako. Segidan dituzue prozesuari lotutako xehetasunak. "Izaera desberdineko saioak izango dira, non metodologia eta dinamika ezberdinekin denon parte hartzeaz hainbat gai landu eta adostuko ditugu".
Besteak beste, jorratuko duten bide honen baitan, esaterako, otsailaren 24an "beste esperientzia batzuk ezagutzera joango gara", iragarri dute, haietatik "ideia batzuk hartu nondik nora joan ikusteko". Horrekin batera, Elkarguneari ere izena jarri nahi diote, momentuz Usurbilgo Elkargunea izendapenari eutsiko badiote ere, izen propioa hautatzeko "proposamenak jaso eta eztabaidatuko ditugu hilabeteotan".
Abiatzer den prozesuan parte hartzeko gonbita egin zuten duela bi asteko agerraldira joandakoek. "Animatu eta parte hartu!", adierazi dute. Interesa duen Usurbilgo gazte eta kulturgile orori zuzendua egongo da. "Ziur gaude giro atseginean joango direla saioak".
Emaitza, eraikinaren oinarri
Prozesuan sortutako edukia Udalak dituen komunikazio bide ezberdinetatik zabalduko dute eta bide honek emandako horretan oinarrituko dute, Kalezarko Pelaioenearekin egin zuten moduan, "Usurbilgo Elkargunearen arkitektura proiektua". Udal gobernu taldetik berri eman zutenez, egitasmo honen idazketarako "enpresa lotzen ari gara une honetan".
Parte hartze prozesua
Hasiera eguna: otsailak 3, larunbata.
Saioen egutegia: otsailak 3 eta 24, martxoak 16, apirilak 20, maiatzak 18 eta ekainak 15.
Saioen ordutegia: 10:00-13:30.
Saioen lekua: Udarregi ikastolako jangela.
Jorratuko dituzten gaiak:
-Elkargunea ezaugarrituko duten balioak.
-Kudeaketa eredua.
-Barne-antolaketa.
-Nolako espazioa nahi den.
-Zer beharrei erantzun.
-Nola egituratu.
-Partaidetza prozesua amaitu eta eraikina izan bitarteko denbora horretarako dinamika eta egitekoak zehaztea.
-Elkargunearen izena.
-Beste esperientzia batzuen ezagutza.
Dinamizatzailea: Elhuyar.
Sustatzaileak: Usurbilgo Elkarguneko sustatzaileak.