Helduen Hezkuntza Iraunkorrean matrikulatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 2a, 08:14

Ikasturte hasieran egin zuten moduan, erdibide honetan ere berriz zabaldu du matrikulazio epea Helduen Hezkuntza Iraunkorrak. Ostiral hau, otsailaren 2a, da izen-emateko azken eguna. 

18 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko doako hezkuntza egitasmoa dugu HHI. Oinarrizko kultur formakuntza eskaintzen dute; euskara, ingelesa, gaztelania, irakurketa, idazketa, kalkuloan hastapena eta hobekuntza, oinarrizko informatika, memoria lantzeko joko linguistikoak eta joko matematikoak, natur zientziak, geografia, historia eta historiarekin lotutako mugimendu artistikoak...

Horrez gain, DBHko titulua eskuratzeko 4 hilabeteko ikastaroak ere eskaintzen dituzte, euskara tailerra (lehen eta bigarren mailak), gaztelania atzerritarrentzat eta irteera didaktikoak urtean zehar.

Lehen Hezkuntzari dagokionean, esaterako, alfabetizazioa, historia, osasuna eta elikadura, ingelesa eta gaztelania arloak eskaintzen dituzte. Bigarren Hezkuntzari lotutakoetan, DBHko titulua eskuratzeko moduluak, besteak beste. Horrez gain, euskara tailerra ere badute eta gela digitalak (hiritartasun digitalerako tailerrak).

Izena emateko aurrez hitzordua eskatu beharko da, telefono zenbaki hauetako batera deituta: 943 37 64 43/943 366 608).

Matrikulazioa eta informazio gehiagorako:
epalasarte.eus  
943 366 608
943 376 443

KzGunea
Hilabete amaierara arte, 09:00-13:00 artean irekiko dute Usurbilgo KzGunea.
Informazio gehiagorako:
kzgunea.eus
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net

Sagastien neguko kimaketa eta ongarriketa
Alkartasuna kooperatibak otsailaren 23rako antolatu duen ikastaroa duzue honako hau. Aitor Etxeandiak bideratuko du, 15:30-18:30 artean Potxoenean. Izen-ematea: 10 € (Alkartasunako 943 361 114 telefono zenbakian eta alkartasuna.eus web orrian.



Kantu Taldea
Gogoan izan, 15 urte bete dituen bilgune honek abian duela ikastaroa. Astelehenero arratsaldeko 18:00etan ikastolako musika gelan biltzen dira, Jaione Eskuderoren gidaritzapean. “Beti bezala, kantu zaharrak eta berriak errepasatzea eta ikastea izango da entseguetako helburu nagusia, urteko tradiziozko pasadizoetan parte hartuz, kantu-afariak antolatuz, Sutegin kontzertu ekimenen bat plazaratuz, herrian zehar hileroko kantu jirak ospatuz eta abar. Azken finean, kantatzeko ohitura hauspotzea, transmisio kultural bat sustatzea euskaratik eta euskaraz, lagunarteko harremanak bultzatuz sortzen den giro ederraz gozatzea eta beste herrietako kantuzaleekin adiskidetasun bat jorratzea kantu-saio-trukaketak bultzatuz”.