Hiru astez beharrezkoa izan da musukoaren erabilera anbulatorio nahiz ospitaleetan sartzeko. Gaurtik, otsailaren 2tik aurrera ez da nahitaezkoa izango, gomendagarria baizik. Erabaki hau herenegun iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak eta jada indarrean da, erabakia ostiral honetako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean. "Jakinaraztea ez dela nahitaezkoa maskararen erabilera unibertsala Euskal Autonomia Erkidegoko osasun laguntza zentroetan, eta gomendio izatera igarotzen dela", hala berri eman du Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Gotzone Sagarduik aipatu argitalpen honetan.
Bete beharreko baldintza
Gogoan izan, iragan urtarrilaren 10az geroztik indarrean zen musukoa derrigorrez erabiltzeko agindua osasun zerbitzuetan. Espainiako Gobernuak hartu zuen neurri hau urtarrilaren 10ean, bi egun lehenago gobernua bera eta autonomia erkidegoetako ordezkariek eginiko bilera gai honi buruzko adostasunik erdietsi gabe amaitu ostean.
Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izateari uzteko baldintza bakarra ezarri zuen Espainiako Gobernuak. "Ondoz ondoko bi astetan Arnas Infekzio Akutuen Intzidentzia Metatuaren jaitsierari buruzko datuak aurkezten dituzten autonomia-erkidegoek, Zaintza Sarearen bidez Osasun Ministerioari emandako datuen arabera, osasun-zentroetan maskarak erabiltzeko nahitaezkotasun-egoeratik gomendio-egoerara igaro ahal izango dira, egoera epidemiologikoaren arabera egoki iritziz gero".
Jaurlaritzak duela bi egun jakinarazi zuenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baldintza hau bete dela adierazi zuen. Izan ere, hainbat datu argitaratu zituen, arnasbideetako infekzioen intzidentzia murriztu dela ohartarazten zutenak.
Arnas Infekzio Akutuaren tasa zenbakitan
Iturria: Eusko Jaurlaritza.
Lehen arreta zerbitzuan:
-100.000 biztanleko 516,3 kasu (aurreko astean, 562,9 kasukoa).
-Adin-tarteen arabera: tasan murrizketa 15 urtetik gorakoen artean, "gora gainerako kasuetan" (0-4 urte artekoen taldeak intzidentzia handiena, 100.000 biztanleko 2.214,7 kasu).
Ospitaleetan:
-100.000 biztanleko 15,9 kasu (iragan astean, 100.000 biztanleko 21,1 kasu).
-Adin tartearen arabera: murrizketa adin tarte guztietan, 64 urtetik gorakoen artean intzidentzia handiena.
-Gripe kasuak: %25,9 aste honetan, %23,1 aurreko astean.
-Covid19 kasuak: %7,7 aste honetan, %11 aurreko astean.
-Arnas Birus Sinzitalaren kasuak: %8,2 aste honetan, %9,5 aurreko astean.