Legealdiko Plana

Usurbilgo auzo eta herrien biziberritzea sustatuko dute

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 08:50

Usurbil osatzen duten auzo eta herriak Udalaren arreta gune nagusia izaten segiko dute abian duten legealdi berri honetan ere. Datozen lau urteotarako ostiral honetan aurkezturiko plangintzaren baitan, bideratuko dituzten hainbat egitasmori buruzko xehetasunak aurreratu zituen udal gobernu taldeak, Zumarteko ganbaran eginiko aurkezpenean.

Arretagune soilik ez, udal gobernu taldetik Zumarten gogorazi zutenez, Udala eta Usurbilgo auzo zein herrietako bizilagunekin koordinazio mahai hainbat eratuak dituzte. Egitasmo bat baino gehiago ere martxan.

Aginagan esaterako, bertako herritarrekin, "hainbat proiektu bideratu ditugu", berri eman zuen zinegotzi Oxkar Santamariak. Horien artean, "Elutxeko bidea eginda eta bertako espazio berde horretan nahi dugu lanketa bat egin belaunaldiartekotasuna sustatzeko ekipamenduak jartzeko". Bestalde, "eskola eta herritar taldearekin batera Kaxkoa berrantolatzen ari gara". N634 errepidearen bueltan segurtasuna hobetzeko hainbat eskari ere bideratu nahi dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Txokoalden, Ainhoa Arrozpide udal ordezkariak aurreratu zuenez, "zubi berriaren konponketa eta birgaitzea kudeatuko dugu." Horrez gain, tren pasabidearen ezabatzea aztertzeko jarraipen batzordean parte hartuko dutela ere gaineratu zuten.

Santuenean, urteotan egindako diagnosi eta auzo planaren zein galdeketan oinarrituta, auzoa "modu integralean eraberritzeko proiektuak jarriko ditugu martxan epe motzean". Horien artean, besteak beste, "auzoaren irisgarritasuna, sarbidea" aipatu zituen Arrozpidek. Horien artean, aparkalekuen berrantolaketa, Txokoalderantz doan bidea oinezkotzea, frontoi ondoko lokalaren udal ekipamendua atondu eta erabiltzen hastea... guztia, auzoan osatua duten "koordinazio mahai horrekin elkarlanean".

Irisgarriago
Zubietan, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren baitan bertan egin zuten lanketan topagune baten beharra azaleratu zen. Komunitate mailako zerbitzuak bilduko lituzkeen ekipamendu horren diseinuari heltzeko erronka dute legealdi honetan.

Atxegalden, 2024ko udal aurrekontuak aurkezteko bertan eginiko bileran auzotarrekin hartuemanetarako komunikazio bidea zabaldu zutela berri eman zuten udal gobernu taldetik eta martxoan, auzo horretan hobekuntzak egiteko lanketa bati ekitekoak direla iragarri zuten. Aurtengo aurrekontuetan zereginotarako partida bat jaso dute gainera.

Etxealdian, auzoko irisgarritasun arazoei ere heldu nahi die udal gobernu taldeak. Urteotan, bertako bizilagunekin egindako bilkura eta lanketa saioetatik proiektu bat diseinatu dute, faseka gauzatu nahi dutena. Lehen fase horri aurten ekin nahi dio udal gobernu taldeak. Horretarako, 350.000 euroko diru-partida du. Auzoaren behealdeko aparkalekua berrantolatu eta Etxealdiako bizilagunak bertan egoteko espazio berde bat ere sortu nahi dute. Horrez gain, "Etxealdia eta Kale Nagusia lotzeko igogailua eraikitzeko urratsak ematen hasi nahi dugu".

Azkenik, Kalezarren, hainbat proiektu berri martxan jartzen ikusiko dugu epe motzean. Uztailean ireki zuten Egurtzegira eta auzora igotzeko N634 errepideko autobus geltokiak eta igogailuak eraikitzen amaituko dituzte. Bestalde, martxoan ireki asmo dute kalezartarren auzo ekipamendua eta Emakumeen Etxea batuko dituen Pelaioenea. 2024ko udal aurrekontuak aurkezteko bileran jasotako ekarpenari erantzunez, eraikin honen ataria, Felix Aizpurua plaza oinezkotu nahi dute eta bertakoentzat gune atsegin batean bilakatu. Handik igaro eta Kalezar zeharkatzen duen bidea "sistema baten bidez zein igaro daitekeen" arautu nahi dute. Azkenik, Haur Eskolara igotzeko aldapa ere konponduko dutela aurreratu zuten udal gobernu taldetik Zumarteko aurkezpenean.


HAPOa eta industriguneak

Auzoen eta herrien biziberritze egitasmoez gain, industriaguneak ere zaharberritu nahi ditu udal gobernu taldeak tokian tokiko lantegien eta haien jabeekin elkarlanean. Horretarako, "plangintza oso" baten lanketa aurreikusi dute udal gobernu taldetik. Horrez gain, Zapategiren garapen industrialaren tramitazioari segida eman nahi diote.

Zaharberritzeaz ari garela, Usurbilgo etorkizuna eraikitzeko bide-orria da Legealdi Plana, neurri handi batean oso lotua baita Udalak aurrera begirako herri hau marrazteko duen beste tresna bati; Hiria Antolatzeko Plan Orokorraz ari gara. Izan ere, urteak darama plangintza hau diseinatu eta tramitatzen. Prozesu honen amaiera, legealdi honetan biziko dugula aurreratu zuen udal gobernu taldeak ostiralean Zumarten eginiko aurkezpen ekitaldian. "Legealdi honetan eman nahi diogu behin betiko onarpena". HAPO-ari lotuta, hortik eratorritako hirigintza hitzarmenak egitea edota "Kaxkoen babeserako Plan Berezia" berridaztea dira eskuartean dituzten beste erronkak.