Legealdiko Plana

Hamaika egitasmo, beste hamaika alorretan

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 08:42

Udal gobernu taldeak Legealdiko Plana aurkeztu zuen ostiralean hurrengo lau urteotarako, Zumarteko ganbaran. Hamaika egitasmo dituzte eskuartean.

Euskarari dagokionez, “erabilera normaltzeko plana berritzea tokatzen da”, berri eman zuen Oxkar Santamaria zinegotziak. Lanketari ekin diotela ohartarazi zuen, ekintza plana sustatzearekin batera. Horrez gain, Usurbilgo hizkuntz aniztasunari buruzko diagnosia egin asmo dute.

Kulturgintzari dagokionean, musika taldeen entsegu lokalen erabilera eta funtzionamendua arautuko duen ordenantza sortzekotan dira. “Egungoekin eta erabiltzaile berriekin forma ematen” ari direla eman zuen aditzera Jon Mikel Azpiazu udal ordezkariak. Horrez gain, Sutegi udal liburutegiko zerbitzua hobetze aldera, eraikina energetikoki eraginkortzeko lanetan aurrerapausoak emateko asmoa agertu zuen, Elkargunea sustatzearekin batera. Udarregi ikastola pareko zelaian eraikiko den egoitza honi lotutako parte hartze prozesua larunbat honetan abiatu dute Udarregi ikastolako jangelan. “Espero dugu gazteentzako erreferentziazko gune bat izatea, bai aisialdirako, gazte mugimendurako, beste hainbat proiektuetarako. Nola ez, kultur sorkuntza eta transmisiorako sekulako proiektua dela iruditzen zaigu. Konfluentzia espazio potente bat aurreikusten dugu bertan. Esperantza handia dugu proiektu honekin”, adierazi zuen Azpiazuk.

Pelaioenearen irekiera martxoan
Aniztasunari dagokionez, bestalde, aurreko legealdian emandako urratsak nabarmendu zituen udal gobernu taldeak. Besteak beste, dagoeneko Usurbila bizitzera etorritako 30 lagun artatu dituen harrera zerbitzua edota martxan jartze bidean dagoen eta bertako bizilagunak zein gure artera bizitzera datozenak hartuemanetan jarri nahi dituen HarEman mentoretza sozialeko proiektua, herritarren laguntza behar duena. Udal gobernu taldetik Zumarten berri eman zutenez, dagoeneko “hamar bolondres aurkeztu dira”.

Parekidetasun arloari dagokionez, indarkeria matxistari integralki aurre egiteko zerbitzuak eskaini edota udal barruko bedintasun plana egiteaz gain, Emakumeen Etxea aipatu zuten. Kalezarko Pelaioenean kokatuko da. “Martxoan izango dugu zabaltzeko aukera”, iragarri zuten.


Jolasguneen plana
Hezkuntzari dagokionez, ikastolarekin batera Haur Eskolari lotutako gogoeta prozesua nabarmendu zuten. “Emaitza laster kaleratzea” espero dute.

Memoria eta bizikidetzari dagokionez, “frankismotik gaur arteko giza-eskubideen urraketen mapa osatu” nahi dute.

Tokiko garapenari dagokionean, “tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko planari jarraipena eman eta hurrengo urteotan ixtea aurreikusten diren jarduera ekonomikoei begirako lan-ildoa garatu”.

Haur eta nerabeak erdigunean jarrita, bestalde, “jolasgune eta astialdi plan bat diseinatzeko asmoa dugu eta horretarako parte hartze prozesu bat egingo dugu”.

Gune tentsionatua
Etxebizitzaren arazoari ere heldu nahi diote legealdi honetan. Herrian dagoen eskaintza falta eta erosi zein alokatzeko dauden prezio altuegiei aurre egiteko, “Usurbil gune tentsionatu izendatu eta alokairua mugatzeko aukera” izateko asmoa dute. Arlo hau kudeatzeko langile bat kontratatu du Udalak. Bere bidez, etxebizitza hutsen diagnosia egin eta hauek merkaturatzeko plan bat osatu nahi dute. Horrekin batera, “alokairuaren eskaintza areagotu, beti ere eskuhartze publikoa oinarri izanda”.

Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloari dagokionez, besteak beste, hiru egitasmo nabarmendu zituen udal gobernu taldeak Zumarteko aurkezpenean. Batetik, kirol ekipamenduen mantentze lan prebentiboen plana gauzatu nahi dute, Xabat Beloki zinegotziak berri eman zuenez, “hiru ardatz nagusietan banatuko zena; Oiardo kiroldegia, padel pistaren eraikuntza eta skate parkearen hobekuntza”. Horrekin batera, “herriko klub guztientzako administrazio zerbitzu komun bat jartzeko bideragarritasuna aztertu nahiko genuke” eta adin ezberdinetako kiroldegiko erabiltzaileekin mahai tekniko bat ere sortu nahi dute, “gertuagotik jasotzeko haien iradokizunak”. Azkenik, Mugiment egitasmoa ekarri zuten gogora. Egun, Oiardoko erabiltzaileek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gainerako kiroldegietan sartzeko aukera dute, eta alderantziz, Usurbilgora etor daitezke baita hiru lurraldeotako gainerako kiroldegietako erabiltzaileak.