Legealdiko Plana

"Usurbiltzen jarraitzeko plana da hau"

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 09:33

Abian duten 2023-27 legealdirako plangintza aurkeztu zuen ostiral arratsaldean Zumarten, Usurbilgo udal gobernu taldeak.

Etxez etxe banatuko duten aldizkari batean dituzue zerrendatuak, datozen lau urteotarako proposatu dituzten 120 egitasmo berriei buruzko xehetasunak, alkate Agurtzane Solaberrietak musika eskolan eginiko ekitaldian azaldu zuen moduan, “Usurbil bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen jarraitu ahal izateko”. Bestela esanda, “Usurbiltzen jarraitzeko plana da hau, beraz”.

Eraikuntza lan hau auzolanean egiteko gonbita egin zuten udal gobernu taldetik. “Hemen planteatzen den bide hau elkarrekin, usurbildar guztiekin egiteko gonbidapena ere luzatzen da dokumentu honetan”. Izan ere, gogorarazi zutenez, aurkezturikoa ez da “dokumentu itxi bat”, ekarpenak jasotzeko zabalik dagoena baizik.

Udazkenean zehar eginiko lanketaren emaitza da honakoa, hutsetik hasi ez zutena. Izan ere hiru iturrietatik osatu dute datozen lau urteotarako Legealdiko Plana; udal hauteskundeetara aurkezturiko herri programatik, aurreko legealdiko partaidetza prozesuetatik eratorritako plan estrategikoetatik eta udal langileen zein hautetsien ekarpenetatik.

“Garai aldakor eta ezegonkor hauetan” nora eta nondik jotzeaz gain, “zer eta nola egin” zehazten duen bide-orri gisa definitu zuen alkateak prest duten Legealdiko Plana.

Misioak
Plangintza hau “begirada eta egiteko modu berrituarekin osatu dugu”, gaineratu zuen Ainhoa Arrozpide zinegotziak. Lotua dago guztiz, urria amaieran aurkeztu zuten etorkizunera begirako “Usurbil Bizi. Lau misio, herri bat” lelodun herri egitasmoarekin. Bertan, lau herri erronka proposatu zituzten, erabakigarritzat jotzen duten hamarkada honetan, bizi dugun garai aldakorra tarteko, “datorkigun munduaz jabetu eta geure buruak garai historiko honi aurre egiteko prestatzeko”. Honako hauek dira hain zuzen: zaintza krisia, larrialdi klimatikoa, “globalizazioa eta supremazia ezberdinei” aurre egitea eta Udala herritarrengana gerturatzea.

Erronka hauei misio bana ezarri diete eta modu berri horretan lan egingo dute aurrerantzean, “erronka globalei toktikotik, Usurbildik erantzuten”. Hala, zaintza krisiari aurre egiteko ekosistema berri bat eraikitzen ari da herri hau azken urteotan. Bestalde, larrialdi klimatikoari aurre egiteko trantsizio ekosoziala lan-ildo gisa hartu eta honi lotutako ko-sorkuntza prozesua martxan dute jada. Globalizazioari Usurbildik “tokiko garapena eta euskararen eta euskal kulturaren” sustapenetik erantzungo zaio herri honetatik, jada martxan den 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren ildotik. Azkenik, Udala herritarrengana gerturatzeko, tokiko erakunde honen digitalizazioa sustatu nahi dute “misioen baitako gobernantza eredu kooperatiboa” bultzatu.

Lan-ildo hauen guztien xehetasunak eskaini zizkien udal gobernu taldeak ostiralean Zumarteko ganbaran, ekitaldira joan ziren herrikide eta eragile ezberdinetako ordezkariei.