Jontxu Rock

Jontxu Rock, bere lagun eta senideen topagune

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 11:44

Jontxu Rock omenaldi musikatuaren atarian, parte hartzaileak, lagunak eta senideak bazkaritarako bildu ziren larunbat eguerdian. Aurretik, ondoko talde argazkiok atera zituzten Dema plazan.

Gugan jarraitzen duela argi da. Hau berak bakarrik lor zezakeen. Hamar urte bete dira Jon Uribe Navarro zendu zenetik, urtarrila hasieran bete zen aurkezpen gutxi behar duen gazte usurbildarraren heriotzaren urtemuga. Ordutik, ordea, herri honek berarekiko zuen hartuemana eta maitasuna ez da itzali. Atzokoa izan zen hain zuzen, horren islada argia.

Izan ere, omenaldi ederra antolatu zioten herriko musikariek. 19:30etan hasita, Jontxuk biziki estimatu eta bidelagun izan zituen herriko musika taldeen kontzertu iluntzea antolatu zuten bere oroimenez, Mikel Laboa plazan. Hitzorduan parte hartu zuten, Kezka, Elektropapo, Izeberg, Viafara, Ameba eta Odolaren Mintzoa taldeek.

Aurretik, Patri jatetxean elkartu ziren bazkalorduan. Haiekin batu dira lagun gehiago eta senideak. Otordura joan aurretik, Dema plazan elkartu eta ondoko talde argazkiok atera zituzten; lehenengoa denek batera, alegia, gauean kontzertuak eskaini zituzten musikariak elkartu ziren, Jontxuren lagun gehiagorekin eta senideekin batera. Albiste honen segidan duzuena da bigarren irudia, Uribe Navarro familiakoena, Jontxuren ama buru dutela.

Batean zein bestean, begi bistakoa da Jontxuren islada argia. Irribarrez eta goxotasun handiz oroit zuten atzokoan, ahaztezina izango den usurbildar gaztea.