Legealdiko Plana

"Turismo eredu berritzaile bat osatu dugu"

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 09:06

Datozen lau urteotan 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren bueltan bideratu nahi dituzten proiektuen berri eman zuen udal gobernu taldeak, Legealdiko Plana aurkezteko ostiralean Zumarteko ganbaran egindako ekitaldian.

Datozen lau urteotarako Legealdiko Planeko erronketako bat aurreko legealdian jorraturiko parte hartze prozesuetako batetik dator. Jon Maiaren laguntzaz, euskara, kultura eta herri identitatea ardatz hartuta, tokiko ekonomia sustatuko duen bestelako turismo eredua sustatzeko martxan den 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaz ari gara. “Turismo eredu berritzaile bat osatu dugu, gure balore eta ondarean oinarrituta”, azaldu zuen Zumarteko aurkezpenean Iratxe Begiristain udal ordezkariak.

Hainbat eragile ari dira lankidetzan, tartean, egitasmoa dinamizatzen ari den NOAUA! Kultur Elkartea. Denen artean, misio bat ezarri dute; “2030erako, Usurbilgo bisitarien %30ak Usurbilgo komunitate zaintzailea, euskal arte garaikidea, ondare kulturala eta ekologia ardatz duen gizarte eraldaketa ezagutu eta bisitatu dezala lortzea”.


Bisita bereziak
Bide horretan, epe motzera hainbat proiektu abiarazi asmo dituzte beste eragileekin lankidetzan, 650 Usurbil Bizi egitasmoaren bueltan. Horietako hainbat iragarri zituzten ostiraleko aurkezpenean. Dozena bat arlo ezberdinetako Usurbil erakusteko erronkak sortu zituzten. Horietako bat, “memoria historikoaren Usurbil” duzue eta horren baitan, oroimen historikoa berreskuratzeko Usurbil 1936 elkartearekin lankidetzan, Andatzako lubakietarako ibilbidea osatuko dute, 36ko gerraren eragina erakusteko.

Bestalde, hilean behin zaintzari lotutako bisita gidatuak antolatzeko asmotan dira, herritik kanpotik Usurbilen alor honetan egiten ari den bidearekiko interesa agertu ostean. “Usurbilen zaintzaren bueltan sortu den ekosistema azaldu ahal izateko Euskal Herrian interesa duten beste herriei”, hori da asmoa. Zaintzarekin bezala, Usurbilgo hondakinen kudeaketa ereduarekin ere gauza bera egin asmo dute.

App-a
“Ondarearen Usurbil” izango dute beste lan ildoetako bat. Salbatore elizako ondarea ezagutarazteko elizarekin hitzarmen bat adosten ari direla berri eman zuen udal gobernu taldeak.

Eskuartean proiektu gehiago ere badituzte. “650 Usurbil Bizirentzako app bat martxan jartzeko asmotan gabiltza eta Albaolarekin ere lankidetzan gabiltza “Errioaren Usurbil” garatzeko”. Erronka horren xedea, Oriaren ondarea eta historia transmititzeko proiektua martxan jartzea da.

Egitasmo gehiago ere jaso dituzte Legealdi Planean; besteak beste, Zumetaren frontoiko muralaren 50. urtemuga zikloaren amaiera, Ez Dok Amairu parkea, txalapartaren, euskararen eta errebotearen Usurbil egitasmoen diseinua…