Legealdiko Plana

Herritarrei "hamarreko" zerbitzua eskaintzeko konpromisoa 2026rako

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 08:57

Usurbilgo Udala herritarrengana gerturatzea izango du xede nagusietako bat udal gobernu taldeak abian duten 2023-27 legealdiaren baitan. Datozen lau urteotarako diseinatu duten plangintzaren baitan, alor honetan hartu asmo dituzten neurrien berri eman zuten ostiralean Zumarteko ganbaran egindako ekitaldian.

“2026rako Udalak herritarrei eman beharreko zerbitzua hamarrekoa izatea”: gehienez hamar minutu itxarotea udal zerbitzuetan, herritarren eskaerei hamar eguneko epean erantzutea eta Udala digitalizatzea. Udala herritarrengana gerturatzea da udal gobernu taldearen Legealdiko Planaren baitako erronka nagusietako bat. Helburua, “gizarte honek dituen erronka konplexuei” erantzuteko udal barrua eraldatzea izango da.

Bideratu duten barne hausnarketak “udal egitura eta funtzionatzeko modua” aldatzeko beharra eragin du; orain arteko “departamentalismotik” sailen arteko elkarlana sustatzera igarotzea, baita “informazio eta komunikazio kanalak areagotzera”, baina batez ere, alkateak ostiraleko Legealdiko Planaren aurkezpenean nabarmendu zuenez, “udal politikak zehar lerrotasunez eta ikuspegi estrategikoz lantzeko aukera emango digun udala” izateko.

Digitalizazio osoa
Eraldaketa horren baitan, egun hiru eremu handien bueltan lan egiten ari da Udala (lurraldea, herritarrak eta antolaketa izenekoetan). Horren baitan, aurrerantzean, misioen logikan lan egingo dute eta horri lotutako parte hartze prozesua bideratuko dute, “udal politikak ebaluatzeko sistema ezartzen hasteko urratsak” ematen hastearekin batera.

Herritarrengana hurbiltzeko saiakera gehiago ere egiten ari direla gaineratu zuten. Hala, abian duten udal osoaren digitalizazio prozesuan sakontzen segi nahi dute, aurrez aurreko zerbitzuaren osagarri gisa, “ez kaltetan”. Herritarrei zuzenduriko arreta zerbitzuaren “sistema integrala” garatu nahi dute, eta horren baitan, “telefonoaren kudeaketa hobetu eta udal tramiteak osoko digitalizatzeko sistema ezarri behar dugu”, azaldu zuen Iratxe Begiristain udal ordezkariak.

Langileen egonkortzea eta udaletxearen eraberritzea
Udal barruko eraldaketari dagokionean, langileak ere ahotan hartu zituen gobernu taldeak. 26 udal lanpostu egonkortzeko prozesua amaitzear dute. Horri esker, %50etik %15eraino murriztuko dute langilegoaren interinitate tasa. Halere, murrizten segi nahi dute ehuneko hori. Lan-hitzarmen berria ere negoziatzea egokituko zaiela iragarri zuten baita.

Azkenik, udaletxea bera hartu zuten ahotan. Izan ere, “ezin aipatu gabe utzi, ezinbestekoa ikusten dugula udal eraikinaren berritzea, azterketa energetikoa egin, irisgarritasuna hobetu, lan-eremu berriak sortu eta kalitatezko arreta emateko espazioak ahalbidetuz”.