Legealdiko Plana

Lantzen ari diren trantsizio ekosozialeko misioa ere Legealdi Planari erantsiko diote

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 09:12

Asteotako ko-sorkuntza prozesua eta beste hainbat neurri iragarri ditu udal gobernu taldeak lau urteotarako.

Momentuz, misiorik ez duen herri erronka da lerrootako Legealdiko Planaren baitakoa; trantsizio ekosoziala. Izan ere, abenduaz geroztik Potxoenean abian den parte hartze prozesuan ari dira definitzen herritar nahiz eragileak. Dagoeneko hiru saio egin dituzte, azkenekoa aste honetan bertan. “Beharrezkoak diren ideia berritzaileak ere proposatzen ari gara. Azkeneko saioan kolorez betetako ideia piloa” sortu zirela berri eman zuen Ainhoa Arrozpide udal ordezkariak, Legealdiko Plana aurkezteko ostiralean Zumarten egindako ekitaldian.

Martxoan amaitu asmo dute prozesu hau. Bertan jasotako “ideiak eta proposamenak Legealdiko Plan honi gehituko dizkiogu”, gaineratu zuen. Horrez gain, halere, alor honi lotutako beste hainbat neurri bai, dagoeneko zehaztuak dituzte Legealdiko Planaren baitan.

Energia kontsumoa murriztea
Mugikortasunari dagokionez, faseka garatu nahi den herri osorako exekuzio proiektu bat idatzi nahi dute. “Horretarako, Kale Irekiak parte hartze prozesuan erabaki edo zehaztu ziren eskuhartzeak hartuko dira kontutan”, iragarri zuen udal gobernu taldeko kide Xabier Aranburu zinegotziak. Bidegorrien sarea handitu asmo dute baita; Zubieta eta Santuenea artekoari helduko diote. Gipuzkoako Foru Aldundiari, bestalde, berriki Oxtapen biribilgune bat egitea eskatu zitzaion Udaletik eta Diputazioarekin baita beste egitasmo bat iragarri dute, “Aginagako eta Txokoaldeko N634 errepideko trafikoa baretzeko eta bertako oinezkoen segurtasuna bermatzeko”.

Energia trantsizioaren alorrari dagokionean, eraikin publikoetako energia kontsumoa murriztu nahi dute eta kaleko argiterian LED teknologia ezartzen amaitu. Horrez gain, erregai fosildun udal ibilgailuak elektriko izatera igaro nahi dute, udal eraikinetako beroketa sistemetan kontsumo baxuagoko instalakuntzak ezarri. “Lehentasuna Oiardo kiroldegiak izango luke, bera baita kontsumo handiena duena”, Aranburuk azaldu zuenez.

Lehen sektorearen bidelagun
Bestalde, berriki aurkeztu zen Sortalde Usurbilgo energia berriztagarrien komunitateko bidelagun izaten segi nahi du udal gobernu taldeak, sorreratik egin duen moduan, “elkar indartzeko baliabideak eskaintzen jarraitu nahi dugu”. Testuinguru honetan, plaka fotovoltaikoen ezarpena sustatu asmo dute. Azkenik, Aginagako ur zikinen saneamendurako proiektua gauzatzen hasi asmo dute.

Nekazaritzaren alorrari dagokionean, “elikadura burujabetzaren atalean, nahiko genuke lehen sektorean jardun nahi dutenei herrian ustiapenak abiatzen laguntzea”. Basogintzari erreparatuta, “hainbat egitasmo ditugu buruan”, azaldu zuen Joxe Mari Lizaso udal ordezkariak. “Hala, basogintza ekologikoa sustatzeko estrategia sustatu” nahi dute, “baso erabilera egoki eta dibertsifikatuan urratsak emateko”. Bestalde, “Udalaren landa eremuko lur-ondarea handitu nahi dugu eta hainbat erosketa egitea aurreikusten dugu”. Horrez gain, maiztasun finko batekin bilduko den sagardoaren mahaia martxan dutela berri eman zuten, “Usurbilgo sagasti, sagar mota eta sagardoaren mundu honi forma eman nahian”.