Legealdiko Plana

"Pertsona bat, bizi-plan bat"

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 09:21

Etorkizunera begirako zaintza krisiari lotutako erronka eta egitasmoen berri eman zuen udal gobernu taldeak, 2023-27 urte arterako Legealdiko Programa aurkezteko ostiralean Zumarteko ganbaran egin zuen ekitaldian.

Usurbil zaintzaileagoa izate aldera, aurreko legealditik “pertsona ardatz izango duen arreta eredua” eskainiko duen zaintza sare ekosistema berri bat eraikitzeko prozesu betean da herri hau. 2030era begirako honako misioa definitu dute: “norbere bizitza proiektuari erantzungo dion zaintza eredu integral eta duina lortzea, erantzukidetasuna, eragileen arteko lankidetza eta zaintza langileen profesionalizazioa eta duintasuna ardatz izango duena”. Horretarako helburuok finkatu dituzte: 65 urtetik gorako pertsonen laurdenak zaintza-plana martxan izatea, Usurbilgo bost auzotan laurdena gizonezkoak izango diren zaintza sareak abiaraztea, zaintza langile eta familien erdia zaintza ekosisteman egotea, eta, azkenik, etxeko etxeko zerbitzua jasotzen dutenen kopurua eta zaintzarako prestazioa jasotzen dutenena orekatzea (%50 eta %50).

Bizi-planak
Horretarako, ostiralean udal gobernu taldeak Zumarteko ganbaran aurkezturiko 2027. urtera arteko Legealdiko Programan hainbat proposamen bildu dituzte. 2024. urtea gakoa izango dela iragarri zuen alkate Agurtzane Solaberrietak, herri honek urteotan jorraturiko prozesutik landu duen bide-orriaren inplementazioari begira.

Besteak beste, neurriok iragarri dituzte udal gobernu taldetik. “Egiten ari garen guztiaren helburua bada pertsona bat, bizi-plan bat”. Ildo horretan, “jada une honetan proba pilotu bezala, ari gara familia batzuekin lanean eta plan horiek modu parte hartzailean osatu nahi ditugu”. Baina nabarmendu zuenez, “plan horietan ahotsa zaintza behar duen pertsonak izan behar du eta pertsona horren jirai-biran egon daitezkeen senide, langile profesional edo gizarte langileen parte hartzearekin batera osatu nahi ditugu bizi planak. Gisa honetako erronkarik eta modurik ez dago Euskal Herrian”.

Txirikorda eta babesdun etxebizitzak
Bestalde, zainduak izaten ari direnak Usurbilgo komunitatean integratzeko lanketa ere abian dute. Ildo horretan, “auzoetako batean zaintza programa bat abiarazteko” dirulaguntza bat eskuratu duela eman zuen aditzera alkateak.

Zaintza arloan lanean ari direnak ere arretagune nagusietakoa dute. Iaz, formazioa eskaini zieten eta orain elkargune bat sortu nahi dute haiekin, profesionalizazioan sakondu eta ahalduntzeko.

Ekipamenduei dagokienean, laster irekiko dute Ugartondoko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa. Horrez gain, Matiarekin babesdun sei etxebizitza egokituko dituzte Egurtzegin, zaintza behar duen pertsona eta zaintzailea elkarrekin bizitzeko. “Etxebizitza horietako batzuk eskaintza publikotik bideratzeko lanean ari gara”.

Azkenik, alor honetan egindako guztia dokumental batean grabatzen ari dira gainera.