Jontxu Rock

"Jon betirako, zaitut gordeko nere bihotzean"

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 4a, 13:51

Bart Jontxuren omenez eginiko kontzertu gaueko une hunkigarriena duzue albiste honetan.

Hil zenetik hamar urte bete diren honetan, Jon Uribe Navarro gaztearen omenez bart eginiko Jontxu Rock omenaldi musikatuaren baitan une hunkigarririk bizi izan zen.

Herriko musikarien sorkuntzaz gozatzeko aukera izan zen larunbat gauean, Jontxuri gustatuko litzaiokeen moduan. Izan ere usurbildar musikarien jarraitzaile sutsua zen gazte kalezartarra. Bereziki, Mendeku Itxua taldearena. Talde hartako kide ziren, Martin Larrañaga, Ander Aizpurua, Iñigo Roteta eta Ixak Arruti. Arrutik berak Jontxu 2014ko urte hasieran hil eta egin zitzaion agurrerako kanta sortu eta eskaini nahi izan zion.

Jontxuren aldeko ereserki hau berriz entzuteko aukera izan zen bart, Uribe hil zeneko hamargarren urtemugako oroimen ekitaldian. Albiste honi atxikitako bideoan duzue gaueko une hunkigarriena. Kantaren letra segidan:


"Jontxuri biyotzez"
Inork  nahi ez arren
agurtu gabe, joan zara lagun
baina zure irria
ta maitasuna ez daude urrun.

Berriz ikusiko gara bai
hemen, han edo beste nonahi.
Zu gabeko bizitzarik
nik ez dut nahi!!!
Jon betirako, zaitut gordeko nire bihotzean
Beti izango dut, irrifar bat zu oroitzean.

Ze ondo pasatu degun
gau eta egun kontzertu bakoitzean.
Ze goxo eta bereziak
izan diren guztiak, zu izanik aurrean

Berriz ikusiko gara bai
hemen, han edo beste nonahi.
Zu gabeko bizitzarik
nik ez dut nahi!!!
Jon betirako, zaitut gordeko nire bihotzean
Beti izango dut, irrifar bat zu oroitzean.
Jon betirako, zaitut gordeko nire bihotzean
Beti izango dut, irrifar bat zu oroitzean.