Makilen kolpe hotsekin, deiadarka gogotik esnatu nahi izan dute lurra Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak igande honetarako deitu duen hitzorduan. Izan ere, otsailak 4 zituen gaurkoan, Santa Ageda bezpera eguna izan dugu. Igande honetarako, urteroko ohitura berrituz, kantu-jira berezia antolatu dute herrian barrena. Hiru geltoki nagusi izan ditu aurtengo birak; Egurtzegikoarekin batera, Artzabal ingurua eta Mikel Laboa plaza.
Kalejirarako egoki jantzita, gaurkoan koplen liburuxka eskuartean irten dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoekin bat egin duten hamarnaka herritar, baita ekimenak erakarri dituen beste hainbat bidelagun ere. Farolatxoak eskutan argitu dute kalejirako bidea, trikiti doinuen artean.
Geltokietan koplaka aritu dira eta abestien edukiei dagokienean, egungo gizarteak dituen erronka, arazo sozial hainbat islatu dituzte. Amaieran, baita euskaratik gaztelaniara jotzeko dagoen joera ere kritikatu dute abesti baten bidez. Guztia, makila kolpe hots bizien artean.
Hurrengo hitzorduak
15 urte bete dituen Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak gaurko antolaturiko kalejiraren ondotik, deialdi gehiago iragarri dituzte hurrengo asteotarako. Gogoan izan, urtarrilean abiarazitako ikastaroko saioetarako biltzen direla Kantu Taldekoak astelehenero 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Bestalde, estreinatu berri dugun otsailari dagokion ohiko kantu-jira hilabeteko azken larunbatean izango da beti bezala. 12:00etan Mikel Laboa plazatik hasita, herria euskal abestiez girotuko digute Kantu Taldekoek.