Inauteriak

Mozorro festaren astean sartu gara

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 5a, 12:59

Badatoz inauteriak! Asteburu honetan, mozorro festa betean murgilduko da Usurbil.

Santa Ageda bezpera igarota, baserritar jantziak erantzi orduko bestelako mozorro eta kareten babesean ezkutatzeko garaia ate joka dugu. Egunerokotasuneko "ni" horretatik aldendu eta bestelako pertsonaietan barneratzeko aukera ederra izango da badatorren Inauteri Festarekin. Izan ere, datorren asteburuan jaialdi koloretsu honetan murgilduko da Usurbil.

Dakizuen moduan, zuen ekarpenetatik hala jasota, fauna da aurtengorako hautatutako gaia. Ostiralean eta larunbatean izango dira ospakizunak; lehenbizi ikastetxeetan, gero kalean. Hiru kalejira iragarri dira otsailaren 9 eta 10erako, berrikuntzekin tartean. Gautxorientzako erromeria izango dugu baita. 

Honatx asteburura begira antolatuak dauden hitzorduen berri:


Inauteri Festa
Otsailak 9, ostirala
19:00
Urderen etorrera. Kiroldegitik abiatuta kalejira. Mozorrotu eta etor zaitez gurekin Usurbilgo inauteriaz gozatzera!

Otsailak 10, larunbata
Gaia:
fauna.
11:30 Mozorro dantza-kalejira Kiroldegitik abiatuta!
12:30-14:00 Joaldunak kalean zehar.
18:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira.
22:30 Itzal erromeri taldearen emanaldia frontoian.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, Orbeldi dantza taldea, Zumarte musika eskola eta Usurbilgo Joaldunak.