Usurbilgo jaiak

Herriko festak antolatzen hasteko lehenengo bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 6a, 07:06

Usurbilgo Jai Batzordeak astearte honetarako, otsailaren 6rako iragarri du, herriko festen antolakuntzari ekiteko lehenengo bilera.

Usurbilgo jaiak prestatzen hasteko lehenengo hitzordua, Jai Batzordeak otsailaren 6rako iragarri du aurreneko bilkura, arratsaldeko 18:30etan Potxoenean. 

Ohi bezala, 2024ko Usurbilgo festen antolakuntzan parte hartu nahi duten norbanako nahiz eragileei zuzendua dago deialdi hau. Ekimen edo ospakizunen bat egitarauko osagaian bilakatu nahi duenak bilgune honetan du bere ekarpena egiteko aukera. Izan ere, Jai Batzordeak hartzen ditu Usurbilgo festei lotutako erabaki guztiak. Aurten egingo duten moduan, otsailean hasi eta ekaina aldera arte, bospasei bilera egiten dituzte gutxienez, ekitaldiak proposatu, hauek egitarauan txertatu, hitzorduotarako beharrezko baliabideak lotu eta zeregin guztiok koordinatzeko.

Gogoan izan, besteak beste, Jai Batzordeak deitzen ditu, jada herrigintzan errotuak dauden festei begirako bi ekimen parte hartzaile ere. Hain zuzen, herritarren proposamenetatik erabakitzen dute urtero, nork ematen dien hasiera jaiei. Bestalde, festetan zer izango dugun iragartzen digun egitarauaren diseinua ere bilgune honek antolaturiko lehiaketa bidez erabakitzen da.

Aurten bai, uztailaren 2a jai
Astearteko estreinako saioan, besteak beste, festen egunak zehaztea izango dute lehenengo zereginetako bat; alegia, Santixabelak noiz hasi, zenbat iraun eta noiz amaituko diren erabakitzea. Egunok hautatzeko erreferentzia gisa, beti festen egun nagusia baliatzen da; uztailaren 2a, Santixabel eguna. Aurtengoan, asteartez egokituko da, eta hauxe izango da, iaz Usurbilgo Udalak osoko bilkuretako batean aho batez erabaki moduan, udalerri mailako jai egun nagusia. Iaz, uztailaren 3a izan zen, astelehena; hilaren 2a, igandez egokitu zelako. Ondorioz, festak ere biharamun horretan amaitzea erabaki zuten; astelehen gauez.