Haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzea xede duen Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena Usurbila helduko da laster, Gaztelekuaren, Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkartearen, Udalaren eta Aldundiaren eskutik. Lehenengo saioa otsailaren 22rako iragarri dute 17:30ean Potxoenean. “Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak”, hortxe iragarri duten saioa, Donna Apellanizek bideratuko duena. "Hitzaldi honen bitartez, seme-alaben emozioak kudeatzeko eta zaintzeko kontuan izan beharrekoa landuko dugu, horrela, familiaren osasun emozionala zaintzeko tresna sinple eta eraginkorrak eskuratuz". Teoria eta praktika uztartuko dituen hitzaldiaren bidez, helburuok bete nahi dira: "besteak beste adimen emozionalari buruzko ezagutzak eskuratzea, emozioak zer diren jakitea, emozioak kudeatzen ikastea, haurrei beren emozioetan laguntzeko tresnak eskuratzea...".
Hitzordurako gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue. Plaza-kopurua mugatua izango dela ohartarazi dute.
Treba gurasoak egitasmoa, Aldundiaren esanetan, "tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Hazieraren eremu hori hain aldakorra izanik, gainera, bizia eta malgua izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko".
Hamaika gai
Ikasturte honetan martxan dagoena proiektu honen hirugarren edizioa da. Iaz, 103 hitzaldi eta tailer antolatu zituzten Gipuzkoako 48 udalerrietan, tokian tokiko udal, guraso elkarte eta eragile gehiagorekin lankidetzan. "Guztira, 2.493 gurasok hartu zuten parte, eta beren batez besteko balorazioa oso ona izan zen, 9,20koa hain zuzen ere", Foru Aldundiaren esanetan. Halere, parte hartzaileek iaz eginiko ekarpenetatik aldaketak txertatu dituzte aurtengoan. Izan ere, "950 gai-proposamen inguru" egin dituzte gurasook eta hauek ere kontuan hartu ditu Aldundiak.
Gai-zerrenda honetan daude, aurtengoan Gipuzkoako udalerrietako hitzaldietan ahotan hartuko diren honako hauek: sexualitatea, adimen emozionala, jokabide-menpekotasunak, pantailen erabilera, berdintasuna, osasun mentala, bullying egoerak, familiako gatazkak, harreman sanoak, substantzien kontsumoa, komunikazioa familian, pornografia, arauak eta mugak, autoestimua, lehen sorospenak...
Usurbilen ere egin ziren saiook iaz; "familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak" eta "arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean" izeneko saioak egin ziren Potxoenean.