Aingiren kopurua gutxitu dela eta, aipatu espezie hau berreskuratzeko plan integrala aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen hamar urteotarako, bere habitata hobetu eta "estuario, padura eta ibai-sareko habitatak lehengoratzeko". Orohar, "plan berriaren ardatza izango da Gipuzkoako ibaien arroetan egiten ari den lanean aurrera egitea eta lan hori babestea. Oria, Urola eta Deba ibaien ibai-konektibitatea hobetu eta lan egingo da Txingudi, Oria itsasadarra, Urumea, Leitzaran, Araxes eta Oria Garaiko estuario eta paduretako habitatak leheneratzeko".
Neurriei dagokienean, besteak beste, iragarri dute "batetik, goranzko migraziorako beharrezko irtenbideak definitzea, oztopoek sortzen dituzten afekzioei berezko teknologia erabiliz erantzuna emanez, eta, bestetik, beheranzko migraziorako beharrezko irtenbideak zehaztea. Horretarako, lehenik eta behin, jauzi hidroelektrikoei lotutako heriotza-tasa kuantifikatzeko azterlanak egingo dira. Era berean, Planak estuarioak, padurak eta kostaldeko eremuak mantentzeko eta haien ingurumena hobetzeko ekintzak aurreikusten ditu, baita intereseko habitaten azalera handitzeko eta egitura hobetzeko jarduketak ere, bereziki ibaiertzeko habitatei dagokienez, hala nola haltzadiak edo hezeguneetako habitat bereizgarriak".
Lehengoratzea, erronken artean
2009. urteaz geroztik indarrean den neurriari eutsiko diote; aingiraren arrantzatzeak debekatua egoten segiko du. Horrez gain, "aurreikusten da SEPRONAk egindako dekomisoetatik datozen angulekin birpopulatzeko lan egitea. Azken jarduera hori Gipuzkoako Foru Aldundiak arrakastaz egin zuen 2018-2021 urteetan".
755.000 euro bideratuko ditu Foru Aldundiak hobekuntza hauetara "Zenbateko horri gehitu behar zaizkio Foru Erakundeak 2020tik ibai-konektibitatea hobetzeko martxan duen proiektura bideratutako 8,5 milioi euroak eta Kosta eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak Txingudiko San Lorentzoko aintzira handitzeko bideratu dituen 4 milioi euroak".
Habitat hauek lehengoratzeko urrats gehiago ere eman asmo dituela iragarri dute Foru Aldunditik, "oztopoak desagerrarazteko eta habitat horiek lehengoratzeko bidean aurrera egin ahal izateko, “ez bakarrik aingirentzat, baita gure fauna eta floraren parte diren beste espezie batzuentzat ere”.