Inauteriak

Ikastetxeek ekarriko digute inauteri giroa lehenbizi

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 7a, 12:02

Ostiralean, otsailaren 9an goitik behera mozorrotuko dira ikastetxeak. Haien eskutik murgilduko gara inauterietan. Lerrootan dituzue Udarregi ikastolak eta Aginaga zein Zubietako eskoletan iragarri dituzten hitzorduak, baita Ziortzak eginiko deialdia ere.

Inauteriak
Otsailak 9, ostirala
Aginagako eskola
Inauterietan murgilduko dira ostiral bazkalostean, 15:00ak aldera Eliza Zaharrean. Unibertsoaren bueltako ikuskizuna eskainiko dute bertako gaztetxoek.

Zubietako eskola
Ostiral bazkalostean, 15:30ak aldera irtengo dira baita Zubietako eskolakoak inauterietako emanaldia eskaintzera.

Udarregi ikastola
1987. urtetik Usurbilgo frontoian ikuskizun handia egiten hasi zirenetik hutsik egin gabe eutsi dioten ohitura berrituko dute ostiralean, otsailaren 9an. "Ikusle jende kopuruagatik eta eguraldiagatik, handik 4 urte ingurura, ikuskizuna kiroldegian egiten hasi ziren herriko kaleak desfileekin girotu ondoren. Ikuskizun bakar horretan, HHkoek, LHkoek eta DBHkoek hartzen zuten parte, kiroldegia lepo egoten zen".

Azken urteotan, dakizuenez, etapaka antolaturiko emanaldi bana eta kalejira antolatzen dute. Haur Hezkuntzako kideek Mikel Laboa plazan lau dantza saioz osaturiko emanaldia eskainiko dute. Segidan, LH eta DBHkoek desfilean irtengo dira; batzuk Egurtzegi aldera, besteak Kaxkoan barrena ibiliko dira, ikastolatik berri eman dutenez. DBHkoek kalejira hau emanaldiaren gunean, Kiroldegian amaituko dute. "Zine filmak" dira aurtengo ikuskizunerako hautatu duten gaia. Lanbideei gorazarre egingo diete, bestalde, LHkoek bazkalosteko ikuskizunean. "Udarregiko LHko festa hau zinemarako grabatua izango da, horregatik, atrezzoak prestatu eta baita pareta txukunketa ere egin beharra izango dugu. Bertan arrantzatutako txitxarro, bixigu, berdela eta hainbat arrain mota oso ongi sukaldatuta eta zerbitzatuta azkaltzeko izango dugu guztiok. Asko jan eta gaizki sentituta ere, txertu magikoa emango digute osasun zaintzaileek berehala ongi egoteko, lasai horregatik! Ah! Eta kontuz! Tartean ere izango dugu argitu beharreko misterio bat ere!", iragarri dute. 

Kontuan hartzeko zenbait ohar plazaratu dituzte ikastolatik. Batetik, Oiardo kiroldegiko emanaldietarako ikus-entzuleak bertako zelaiaren kanpo aldetik sartu beharko dira. Sarrerei dagokienean; "DBHko ikuskizunerako sarrera librea izango da; arratsaldeko LHko ikuskizunerako, aldiz, LHko ikasle bakoitzari, ikastolan bertan txartel bana eman zaio eta soberan geratu diren txartelak hemen klikatuz eskatu ahal izango dituzue. Egunean bertan txartelak 12:30etik 14:30 bitarte idazkaritzan jaso ahal izango dituzue".

Honatx ikastolan antolatu duten inauteri festari lotutako hitzorduen agenda:
10:30 HHko dantza saioa Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egingo balu, ikastolako frontoian egingo genuke.
10:50 DBHko eta LHko desfilea kaleetan zehar.
11:45 DBHko dantza ikuskizuna kiroldegian.
15:30 LHko dantza ikuskizuna kiroldegian.

Ziortza gazte elkartea
DBH osoari zuzenduriko inauteri festa antolatu dute Ziortzakoek ostiralerako, otsailak 9, 18:30etan Potxoenea aurreko plazan. Hitzordura mozorrotuta joateko deia egin diete parte hartu nahi dutenei.