NOAUA! Itzal taldearekin izango zarete aurtengo mozorro jaian. Ordua eta bestelakoak zehaztu dituzue jada?
Manex Torrealdai: Bai, herriko frontoian arituko gara gaueko hamar eta erdietan hasi, eta goizeko ordu txikiak arte.
Laiotz taldea zineten lehen, Itzal orain. Musikarien artean aldaketak izan dira? Bi proiektu hauen artean zein alde dago eta zertan dira gauza bera?
Laiotzek 33 urte egin ditu eta urte horietan baterijolea izan da proiektuaren hasieratik amaieraraino egon den bakarra. Taldea berea zen nolabait eta gainontzekoak musikariak; musikari kontratatuak bagina bezala. Hark taldea uztea erabaki zuen, eta taldearen izenarekin ere bera geratu da nolabait. Beraz, gainontzeko musikariek erabaki genuen erromeria taldearekin jarraitzea beste baterijole batekin eta izen berri bat hartuta. Itzal bada halako Laiotzen keinu txiki bat. O letra logotipoa biribiltzeko erabili dugu, eta gainontzeko letra guztiak berdinak dira ordena aldatuta. Gainera, toki laiotzak itzaleko lekuak izan ohi dira. Keinu horiek ditu nondik gatozen gogorarazten digutenak.
Oialumen eskaini zenuten Laiotzen azken kontzertua 2023ko abenduaren 16an. Berezia izan zen? Zein oroitzapen dituzu?
Nahiko garai gogorra izan zen. Itzali forma ematen hasita geundela, 2 kontzertu eman genituen Itzalen izenean oraindik Laiotz agurtzeko kontzertua egin gabe zegoela. Nahiko kaotikoa, baina benetan polita izan zen. Oialume leku berezia zen Laiotzentzat, Xabi, nagusia, Oialumekoa zen eta maiz jotzen genuen bertako jaietan. Berezia izan zen lekua, baina baita jendea ere. Jende dezente hurbildu zen urtean zehar gure kontzertuetan ikusten duguna, herri ezberdinetakoak izanagatik ere denak han elkartuta, belaunaldi ezberdinak, Laiotzen partehartutako musikariak... Ia 33 urte hauetan Laiotzen parte hartu zuten musikari guztiak batzea lortu genuen eta gonbidatu bereziak ere izan genituen. Oso agur polita izan zen; merezi zuen Laiotzek horrelako agur bat.
Laiotz bukatu eta zuzenean hasi zarete Itzal taldearekin, momenturen batean bi taldeak izan dira aktibo edo nolakoa izan da trantsizioa?
Laiotzen agur kontzertuarekin agur esan genion proiektu hari. Lehenago izan genituen pare bat kontzertu Itzalekoak. Oraindik jendeak deitzen dio Laiotzi kontzertuak proposatzeko eta Xabik Itzalengana bideratzen ditu. Musikariak berdinak gara, talde propioarekin eta oso proiektu antzekoarekin. Argentinan egon ginen Laiotzekin agur kontzertua baino hilabete batzuk lehenago. Itzuli ginenean bi dei jaso genituen Laiotzentzat, baina Xabik agur kontzertua egin nahi zuen ahalik eta azkarren, eta guk ahalik eta azkarren Itzalekin jarraitu nahi genuen. Beraz, Laiotzekin egin beharrean, Itzalekin egin genituen kontzertu haiek. Asmoa 2024an Itzalekin hastea zen.
Kontzertuak lortzeko ez dizue arazo handiegirik eman izen eta proiektu aldaketa horrek?
Neurri batean bai. Zaila egiten ari zaigu izen aldaketa horrekin ezagutzera ematea eta jendeak musikariok proiektu berriarekin lotzea. Eskertuko genuke aukera ematea; esperientzia handiko musikariak gara eta Laiotz gustuko dutenentzat aukera bikaina. Oso ohituta gaude plazetan kontzertuak ematen eta horrekin jarraitu nahi genuke.
Laiotz taldean ibilbide luzea egin zenuen. Atzera begira jarrita zer azpimarratuko zenuke urte horietan guztietan egindako lanaz?
Laiotzen sei urte egin nituen eta orain zazpigarren denboraldia izango da. Laiotzen aurretik beste talde batean ibili nintzen, beraz, zortzi urte daramatzat erromerian. Musikari modura zaila da talde bat izanda kontzertuak izatea modu jarraikor batean. Erromeriak badu zentzu horretan zorte ona. Abesti propioak ez direnez, leku askotan denek ezagutzen duten musika egitea garrantzitsua da, eta erromeriak hori eskaintzen digu. Kontzertu kopuru ederra eta leku zailetan jotzea lortu dugu. Talde handiek izaten dituzten kontzertu kopuru horietan ibiltzeko aukera ematen dute erromeria taldeek eta plaza zailetan jotzeko aukera ere eskaintzen dute. Adibidez, Donostiako Piratek antolatutako kontzertuetan partehartzea oso zaila da abesti propioekin, baina erromeriak aukera eskaintzen du horrelako lekuetan jo ahal izateko. Argentinarekin ere berdin gertatu zaigu; oso zaila izango zen guretzat bertara joatea abesti propioekin. Erromeriak aukera horiek eman dizkit. Musikari oso onak ezagutzeko aukera ere izan dut eta trikitilari lanetan ere asko erakutsi dit horrek. Bakoitzak bere modua du eta elkarrengana moldatzen erakutsi didate esperientzia hauek.
Inauterietan jotzea tokatuko zaizuenez, mozorrotuta ibiliko zarete?
Fauna da aurtengo gaia Usurbilen, baina hiru kontzertu ditugu otsailerako aurreikusita. Harrera oso ona izan du Itzalek eta deiak jasotzen ari gara. Hirurak inauteri eta mozorro girokoak izango dira, gainera. Idiazabalen izango dugu lehena, mozorro egunean. Usurbilen inauterietan, eta Lesakan, azkenik, mozorro festan. Beraz, ez dakigu oraindik nola egingo dugun guztiari forma emateko. Mozorrotuko garela, hori ziur. Ez dakigu leku bakoitzerako mozorro bat prestatu edo faunaren gaia aprobetxatuta hiru lekuetarako gai horri lotutako mozorroak prestatu edo zer egingo dugun. Leku bakoitzerako mozorro ezberdin bat prestatzea zaila izango da, eta hiruretarako bat prestatuko dugula pentsatzen dut. Hala ere, mozorroak pentsatzerakoan buelta asko ematen dizkiogu gaiari, izan ere, musika egin behar dugu eta asko mugitzen garenez, mozorroak erosoa izan behar du. Erabakiren bat hartuko dugu datozen egunetan.
Inauteriak gogoko dituzu orokorrean? Zein da inauterietako plan on bat?
Usurbilen bizi nintzenean, izugarri gustatzen zitzaizkidan inauteriak. Begirale lanetan urte asko egin ditut eta lan horietan mozorrotzea oso ohikoa izaten da. Inauteriak aitzakia ederra ziren mozorrotzeko eta Usurbilen asko gozatzen nuen inauteriez. Gero, Tolosara bizitzera joan nintzen eta han bizi izan nintzen sei urtez. Orduan, konturatu nintzen han inauteriak beste modu batera bizi dituztela, askoz ere intentsoagoa izaten da. Urteren batean atera nintzen, baina han bizi izan nintzen urteetan ez dut ia jaiaz gozatzeko aukerarik izan. Lanean harrapatzen ninduten inauteriek eta ia arazo bilakatu ziren niretzat: autoa aparkatu ezin, izugarrizko zarata, jendea mozkorra kalean, zikinkeria... Tolosarrek jai hartzen dute inauterietan, baina nik lan egin behar nuen. Pereza pixka bat ematen zidaten zentzu horretan, nire egunerokoa asko aldatzen zutelako eta zailtasunak izaten nituelako. Hala ere, oso inauterizalea naiz. Izugarri disfrutatzen dut mozorrotuta, gainontzekoen mozorroak eta irudimena nolakoak diren ikusten.