Telebista ikusteko ohitura duzuenontzat kontuan hartu beharrako oharra segidan. Orain arte ikusgai ziren bereizmen estandarreko ("SD" sistemako) telebista kateak itzaltzen hasi dira. Beranduenez jota, otsailaren 14tik aurrera "HD" sisteman edo bereizmen handian ikusi ahalko dira soilik. Esate baterako, Radio Television Españolako (RTVE) "SD" sistemako kateak atzo itzali zituzten. Soilik bereizmen handian ikusi daitezke. Ildo beretik, Euskal Irrati Telebistak (EITB) ostegun honetan, otsailaren 8an, itzaliko dituzte "SD" sisteman emititzen aritu diren kateak. Gauza bera egingo dute, Mediaset eta Atresmedia enpresek aldaketa hau egiteko finkatutako epealdiaren azken txanpan, otsailaren 14an.
Telebista gehienak aldaketarako prest
Telebista bereizmen handian baino ezingo da ikusi beraz, aurrerantzean. Hau da, telebista kateak "HD" hizkiekin ezagutzen ditugun sisteman baino ezingo dira sintonizatu. Desagertu egingo dira, beraz, orain arte "SD" edo bereizmen estandarrean ikusgai egon diren telebista kate guztiak.
Iturri ofizialen arabera, telebista gehienak, %98a, bereizmen handiko ("HD") telebista kateak ikusteko prestatuak daude. Kasuotan, telebista kateak berrantolatu baino ez dira egin beharko; agian, kasu batzuetan, zenbait kate berriro sintonizatu ere bai. Horretarako, ordea, telebistak modu horretan ikusteko prest egon beharko du. Hala ez bada, alegia, zure telebistak "SD" sistema baino ez badu onartzen, deskodegailu edo sintonizagailu bat instalatu beharko duzu.
Telebista ikusteko bi sistema hauen artean dagoen ezberdintasuna, hobekuntza da. "HD" bereizmen handiko irudia kalitate hobeagokoa da, baita soinua ere.
Urrats honekin, Lurreko Telebista Digitala bereizmen handira igarota, adituen esanetan, ikus-entzunezko bitarteko honen modernizazio prozesua amaituko da.