Haizeagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2024ko otsailaren 8a

"Karlotta" izenez ezagutarazi duten ekaitzaren eraginez, 100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu ostiral goizaldera arte.

Abisu horian izango gara ostegun honetan haizeagatik, ostiral goizaldeko 3:00ak arte. Izan ere, 100 kilometro ordutik gorako boladak izan ditzakegu haizeguneetan, 60-80 kilometro ordukoak haizeguneak ez diren tokietan, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Hala, ostegun honetan, otsailaren 8an, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da eta arratsalde-gau partean euria egin dezake. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira", Euskalmet-en arabera.

Inauteri giroan murgilduko garen ostirala ere bide beretik joango zaigu. "Zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du noizbehinka. Hegoaldeko haize zakarra; gauean mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da; minimoak azken orduetan neurtuko dira".

Inauteri festa egun nagusirako honatx Euskalmet-en iragarpena. "Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize zakarra, bolada oso gogor batzuekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian duzue.