Jakinminez zirenentzako Jai Batzordeak badu erantzuna. Izan ere, aurtengo Usurbilgo festei hasiera emango dien txupinazoa noiz izango den, zenbat ospakizun egun izango ditugun eta Dema plazako ikuskizunarekin agurtuko ditugun unea zehaztu zuen, asteartean Potxoenean egindako bilkuran.
2024ko Santixabelak ekainaren 28an hasi eta uztailaren 2an amaituko dira; ostiraletik asteartera luzatuko dira; beraz, bost festa egun izango ditugu. Usurbilgo jaien egunak finkatzerakoan beti uztailaren 2a hartzen da kontuan, hauxe izaten baita udalerri mailako festa egun nagusia, iaz izan ezik; izan ere igandearekin egokitu zen eta biharamuna, uztailaren 3a izan zuen Usurbilek gorriz seinalaturiko jai eguna. Erabakiok udalbatzak hartzen ditu urtero. Esaterako, iazko ekainean adostu zuen aurten, ohi bezala, oraingoan bai, uztailaren 2a izatea Usurbilgo jai eguna.
Antolaketa lanen segida
Usurbilgo jaien hasiera, iraupena eta amaiera finkatuta, bost egunotako egitaraua definitu eta denbora tarte horretako ekitaldiak bideratzeko baliabideak lotzeko lanketa betean izango da aurrerantzean Jai Batzordea. Lanoi ekin zieten asteartean, otsailaren 6an. Hurrengo aste eta hilabeteotan emango diete segida prestaketei. Datorren bilkurarako hitzordua finkatua du Jai Batzordeak; otsailaren 19an bilduko da berriz. Bigarren saio hau, iluntzeko 18:30etan hasiko dute Potxoenean.
Bilgune parte hartzailea
Gogoan izan, Usurbilgo festei lotutako erabaki guztiak bilgune horretan hartzen dira. Batzorde honetan, jaien antolaketan ekarpenak egin nahi dituzten norbanako nahiz eragileek tokia izaten dute. Festen antolakuntzan lagundu edota ekimenak proposatzeko aukera izaten da. Bertatik bideratzen dituzte, besteak beste, egitaraua diseinatzeko lehiaketa edota txupinazoa nork jaurti erabakitzen laguntzeko herritarrei egiten dieten deialdia.
Jai inklusibo, parekide, jasangarri eta parte hartzaileak sustatzen dituzte bilgune honetatik.