Inauteriak

Aisialdi alorreko eragileak ere mozorro festan murgilduko dira

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 8a, 07:03

Gaztelekuak, Ziortzak eta Santuenea Elkarteak ere zenbait ekimen iragarri dituzte, geurean hastear ditugun inauteri egunotarako. Gaurtik hasita otsailaren 13ra arte iragarritako ekitaldien zerrenda duzue segidan.

Inauteriak
Otsailak 8, osteguna
17:30-20:30
Mozorro lehiaketa Usurbilgo Gaztelekuan. Gerturatzen denarentzat, merienda egongo da.


Otsailak 9, ostirala

Aginagako eskola
15:00ak aldera inauterietan murgilduko dira Eliza Zaharrean. Unibertsoaren bueltako ikuskizuna eskainiko dute bertako gaztetxoek.

Zubietako eskola
Ostiral bazkalostean, 15:30ak aldera irtengo dira baita Zubietako eskolakoak inauterietako emanaldia eskaintzera.

Udarregi ikastola
1987. urtetik Usurbilgo frontoian ikuskizun handia egiten hasi zirenetik hutsik egin gabe eutsi dioten ohitura berrituko dute ostiralean, otsailaren 9an. "Ikusle jende kopuruagatik eta eguraldiagatik, handik 4 urte ingurura, ikuskizuna kiroldegian egiten hasi ziren herriko kaleak desfileekin girotu ondoren. Ikuskizun bakar horretan, HHkoek, LHkoek eta DBHkoek hartzen zuten parte, kiroldegia lepo egoten zen".

Azken urteotan, dakizuenez, etapaka antolaturiko emanaldi bana eta kalejira antolatzen dute. Haur Hezkuntzako kideek Mikel Laboa plazan lau dantza saioz osaturiko emanaldia eskainiko dute. Segidan, LH eta DBHkoek desfilean irtengo dira; batzuk Egurtzegi aldera, besteak Kaxkoan barrena ibiliko dira, ikastolatik berri eman dutenez. DBHkoek kalejira hau emanaldiaren gunean, Kiroldegian amaituko dute. "Zine filmak" dira aurtengo ikuskizunerako hautatu duten gaia. Lanbideei gorazarre egingo diete, bestalde, LHkoek bazkalosteko ikuskizunean. "Udarregiko LHko festa hau zinemarako grabatua izango da, horregatik, atrezzoak prestatu eta baita pareta txukunketa ere egin beharra izango dugu. Bertan arrantzatutako txitxarro, bixigu, berdela eta hainbat arrain mota oso ongi sukaldatuta eta zerbitzatuta azkaltzeko izango dugu guztiok. Asko jan eta gaizki sentituta ere, txertu magikoa emango digute osasun zaintzaileek berehala ongi egoteko, lasai horregatik! Ah! Eta kontuz! Tartean ere izango dugu argitu beharreko misterio bat ere!", iragarri dute. 

Kontuan hartzeko zenbait ohar plazaratu dituzte ikastolatik. Batetik, Oiardo kiroldegiko emanaldietarako ikus-entzuleak bertako zelaiaren kanpo aldetik sartu beharko dira. Sarrerei dagokienean; "DBHko ikuskizunerako sarrera librea izango da; arratsaldeko LHko ikuskizunerako, aldiz, LHko ikasle bakoitzari, ikastolan bertan txartel bana eman zaio eta soberan geratu diren txartelak hemen klikatuz eskatu ahal izango dituzue. Egunean bertan txartelak 12:30etik 14:30 bitarte idazkaritzan jaso ahal izango dituzue".

Honatx ikastolan antolatu duten inauteri festari lotutako hitzorduen agenda:
10:30 HHko dantza saioa Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egingo balu, ikastolako frontoian egingo genuke.
10:50 DBHko eta LHko desfilea kaleetan zehar.
11:45 DBHko dantza ikuskizuna kiroldegian.
15:30 LHko dantza ikuskizuna kiroldegian.

Ziortza gazte elkartea
DBH osoari zuzenduriko inauteri festa antolatu dute Ziortzakoek ostiralerako, otsailak 9, 18:30etan Potxoenea aurreko plazan. Hitzordura mozorrotuta joateko deia egin diete parte hartu nahi dutenei.

Inauteri Festa
Otsailak 9, ostirala
19:00
Urderen etorrera. Kiroldegitik abiatuta kalejira. Mozorrotu eta etor zaitez gurekin Usurbilgo inauteriaz gozatzera!

Otsailak 10, larunbata
Gaia:
fauna.
11:30 Mozorro dantza-kalejira Kiroldegitik abiatuta!
12:30-14:00 Joaldunak kalean zehar.
18:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira.
22:30 Itzal erromeri taldearen emanaldia frontoian.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, Orbeldi dantza taldea, Zumarte musika eskola eta Usurbilgo Joaldunak.


Otsailak 13, asteartea
17:00-19:00 Piñata tailerra Santueneko ludotekan (Santuenea 16).
Sarrera: 3 euro (bazkideek doan).
Izen-ematea: santueneaguretxikiak@gmail.com
Antolatzailea: Santuenea Kultur Elkartea.