Ugartondoko auzokonpostaje egitasmoan izen-ematea ixtear

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 8a, 08:11

Ugartondo auzune berrian ere auzokonposta egitasmoan parte hartzeko prest legokeen bizilagunen taldea osatzeko deia egin du Usurbilgo Udalak. Interesdunek ostiral hau, otsailaren 9ra arteko epea dute izen-emateko.

Interesdunentzat izen-emateko epea, ostiral honetan, otsailaren 9an itxiko du Usurbilgo Udalak. Horretarako, bideok daude: atezate@usurbil.eus / 606 501 024 / udaletxeko atez ateko bulegoan. Izen-ematerakoan, nork bere izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta etxe bakoitzeko lagun kopurua zehaztu beharko du.

Organikoa Ugartondon bertan konpostatu nahi duten bertako bizilagunei zuzendua dago deialdi hau. Talde bat osatzeko aukera eskaini nahi die Udalak. Egitasmoaren berri emateko gutuna helazi zaie jada. Gogoan izan, duela hamaika urte abiarazi zuen Udalak auzo konposta lantzeko egitasmoa. Herriko hainbat txokoetan bideratzen dute organikoaren lanketa komunitarioa. Horrek organikoa biltzeko garraioa behar izatea saihestuko duenez, “mesede egiten dio ingurumenari. Horrez gain, auzokonposta egiten dutenek bestelako abantailak ere badituzte: batetik, organikoa edozein momentutan botatzeko aukera dutela, eta, bestetik, hondakinen tasako zati finkoan %40ko hobaria jasotzen dutela”.

Gauza bera egin nahi dute orain Ugartondon. “Lur propiorik ez duen edozeinek eman dezake izena, eta hala eginez gero, ikastaroa jasoko dute auzokonpostaren funtzionamendua ezagutzeko. Talde bakoitzean arduradun bat izendatzen da, hiru hilero aldatzen joaten dena: bere ardura izango da denek botatako materia organikoa nahastu eta udalak eskuragarri utzitako materia lehorra gainetik botatzea; astean bizpahiru aldiz egin behar izaten da hori”.