Urbil merkatalgunea berritzen ari diren honetan, orain arte eremu horretan erabili izan dituzten hainbat aulki eta mahai ordezkatzera doaz. Egoera onean izanda, Usurbilgo Udalari dohaintzan ematea erabaki dute, "behar duenerako erabil ditzan". Modu horretan, Udaletik bertatik jakinarazi dutenez, "altzariak udalari lagata, Garapen Jasangarrirako 12. Helburua babestea izan du Urbilek helburu, ekoizpenari eta kontsumo arduratsuari dagokiona, ondasun horien bizitza erabilgarria luzatuz eta ekonomia zirkularra sustatuz. Usurbilgo Udalak ere urte asko daramatza hondakinen kudeaketa arduratsua lantzen, eta zentzu horretan, Urbilek altzariak eskaini zizkionean ez zuen zalantzarik izan, eta berehala onartu zuen".
Udalaren asmoa hain zuzen, berrerabilpenean sinesten dutela nabarmenduta, "altzarion bizitza" luzatzea izango da. Dohaintzan jasotako altzariok "herriko ekipamendu publikoetan banatzeko asmoa du" Udalak. Momentuz, zera erabaki dute; "Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitariora bideratzea lehenetsi da, eta hango beharrak asetakoan, gainerako ekipamenduetara joko dute".
Urbilen aldetik, merkataritza gunea berritzearekin batera, "praktika arduratsuak" sustatu nahi dituztela nabarmendu dute. “Pozik gaude dohaintza honek komunitatean izango duen eraginarekin: aurrerantzean ere guztiontzako etorkizun kontziente eta jasangarriagoa sustatzen duten ekimenetan lankidetzan jarraitzeko asmoa dugu”, adierazi du Urbilgo gerente Leyre Lobatok.