Eskubaloi partida eta 30. Oriako Jaitsiera, asteburuko kirol hitzorduen artean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 9a, 10:45

Ezohiko asteburua kirol hitzorduei dagokienean. Ohi baino eskaintza murritzagoa izango dugu inauteriengatik. Eskubaloi partida bakarra iragarri dute Oiardo kiroldegian, futbol neurketarik ez. Horrez gain, Oriaren 30. Jaitsiera egingo da larunbat arratsaldean.

Eskubaloia Kiroldegian
Otsailak 10, larunbata
17:00 Senior mutilak: Saizar Usurbil KE-Saieko

Oriaren 30. Jaitsiera
80 ontzi, 1.100 arraunlari ikusi ahalko dira Orian barrena Aginagatik hasi eta Oriorantz, datorren larunbat arratsaldean, otsailaren 10ean, 15:40tik aurrera. Izan ere, 30. Oriako Jaitsiera izango da jokoan. Proba honen antolatzaile Orio Arraunketa Elkarteak jakinarazi du talde bakoitzaren irteera hurrenkera zein izango den. Albiste honetan, beherago duzuen irudian dituzue xehetasunak. Parte hartzaileen kopuru handia tarteko, antolatzaileek plazaraturiko oharrak zorrotz betetzeko deia egin diete lehiakideei.

Gogoan izan, bi modalitateetan jokatuko da proba hau. Izan ere, 4 kilometroko ibilbidea osatuko dute Emakume Llagut-Llaut taldeek, traineru misto, jubenil, beterano eta senior mailakoek. Hauek guztiak Sarikola paretik abiatuko dira Oriorantz. Aldiz, sei kilometroko ibilbidea osatu beharko dute absolutu mailako taldeek. Hauek Mapiletik abiatuko dira. Mailen araberako lehiakide multzoak osatu dituzte antolatzaileek. Ordu tarte hauetan abiatuko dira parte hartzaile guztiak:

Sarikolatik (4 km):
15:40-15:47 Llagut-Llaut taldeak.
15:52-15:57 Talde mistoak eta jubenilak.
15:56-16:32 Beteranoak.
16:33-16:48 Emakumezko absolutuen mailako taldeak.

Mapiletik (6 km):
16:49-17:10 Gizonezko absolutuen mailako taldeak.