Neguko ospakizunak 2024

Mozorroak soilik ez, karroza landu askoak ere gaurko kalejiran

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 10a, 16:08

Gogotik prestatu dira herrikideak gaurko festa egun handirako; mozorroak soilik ez, karroza eder askoak plazaratzen ari dira azken orduotan.

Maila hobetzen doaz urtez urte. Mozorro ongi diseinaturikoekin aski ez eta karrozak ere ugaritzen joan dira azken urteotako inauterietan. Begibistakoa da askok inauteriak eguna baino askoz lehenago hasten dituztela prestaketa lanekin. Zereginotan oso trebeak direla agerikoa da eta gogotik gozatzen dutela baita.

Aurtengoa ez da salbuespena izan. Asteotan eginiko lanketaren emaitza plazaratu dute mozorroen festa handi honetan murgildu diren hainbat eta hainbat koadrilek: idi-deman ikusi ditugu batzuk, Gorritiren showa plazaratu du beste lagun talde batek, arrainontzi handi bat kalejiran ibili duenik ere izan da. Gaurko jaialdian aurki dezakegunaren adibide batzuk baino ez.