Izenari gorazarre eginez, ez dira oharkabean igaro aurtengoan ere. Burrunbazale txarangakoak izan ditugu Usurbilen bisitan, larunbat iluntze honetako kale giroa suspertzen. Azken urteotako joerari eutsiz, txaranga hau bidelagunez inguratua egon da, geroz eta gehiago ziren, gainera, orduek aurrera egin ahala haien doinuen erritmora biziki dantzatzen aritu direnen kopurua.
Kaxkoari itzulia eginez hasi dute arratsaldea, Artzabal aldera jo dute gero. Handik bueltan Bordatxo parean egin dute geldialdia eta azkena, frontoian. Jendetza inguratu zaie ibilbidearen azken txanpan. Denak ere mozorroen azpitik dantzarako eta festarako gogoa utzi dute agerian.