Inauteriak

Badator Gazte Eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 19a, 18:13

Aztarrika Usurbilgo gazte asanbladak martxoaren 2rako iragarri du aurtengo Gazte Eguna. Egitaraua plazaratu berri du.

Begiratu ondoko talde argazki jendetsuari. Otsailaren 10ean ateratakoa da, Dema plazan, inauteri festa betean ginela. Usurbilgo Gazte Eguna ate joka dugula gogorarazi ziguten antolatzaileek, bertan esekitako pankarta handiaren bidez. Haren bueltan batu zen argazkiko jendetza, Aztarrika gazte asanblada prestatzen ari den egun horri atxikimendua adierazteko.

Izan ere, gogoan izan, 2023an ez zen Gazte Egunik antolatu, ordura arte, aurreko edizioetan azaroa amaieran egin izan da. Oraingo honetan, ordea, martxoan dator, martxoaren 2an izango da 2024ko Gazte Eguna. "Herri bizi bati deika, egin Aztarrika!" mezu eta aldarri horren bueltan iragarri zuten gazte asanbladako kideek hitzordu hau pasa den Inauteri Festan.

Egunpasa
Antolatzaileek azken orduotan plazaratu dute egitaraua eta iragarri dutenez, "Gazte Eguneko eskaintza egun osokoa izango da". Hasteko, "goizetik, aisialdi formatu batetik, gazteok hausnartzeko espazioa sortu nahi dugu, oka-jolas berezi baten bitartez. Betiko mahainguru formatutik at, esperientziak eta iritziak beste modu batera ere partekatu daitezke, eta horretara goaz".

Arratsalde eta gau partean, bestalde, "euskal kulturaz gozatzeko aukera aparta izango dugu. Arratsaldean, Aztarrikant-ekin batera euskal kantuz beteko ditugu herriko kaleak. Urteroko moduan, gazte afaria egingo dugu Askatasuna plazan, eta ondoren, kontzertuak egongo dira". Adi, otordurako txartelak salgai zango dituzue gaurtik otsailaren 27ra arte.

"Aurtengoa ere ez da egitarau makala, ilusioz eta Usurbilgo gazteria zabalarengan pentsatuz egina. Gogotsu gaude. Egun osoko ekintzetan parte-hartzeko gonbita luzatu nahi dugu, egunak zentzua izan dezan eta helburuak bete daitezen ezinbestekoa baita".

Hortik egin duten parte hartzeko gonbita. "Usurbilgo gazte oro dago parte hartzera deitua, herri bizi, euskaldun eta feminista batean sinesten duen gazte oro".

Honatx osatu duten egitaraua:

Gazte Eguna
Martxoak 2, larunbata
11:30 (D)Oka jolasa. Ondoren, marianitada.
18:30 Aztarrikant.
20:30 Gazte afaria. Txartelak Txirristran eta Aitzagan salgai otsailaren 27ra arte, 12 eurotan.
Oharra: "menu bereziren bat behar izanez gero, gure sare sozialetara idatzi mesedez".
00:00 Kontzertuak: Zaparra, Xsakara, Dj Fresa Morango.

Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.