Kulturaldiaren zikloan sartzear

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 12a, 11:17

Inauterien asteburua agurtu ostean, NOAUA! K.E.-k estreinakoz otsailean antolaturiko Kulturaldian murgiltzera goaz. Adi, datozen bi asteburuotan izango ditugun ekitaldietarako sarrerak salgai dituzue.

Azaroan egon ohi den ekitaldi eskaintza zabala aintzakotzat hartuta, NOAUA! Kultur Elkarteak estreinakoz herri dinamiken ikuspuntutik nabarmen lasaiagoa den otsailera aurreratzea erabaki du datorren Kulturaldia. Aurreko edizioen ildotik, arte diziplina askotariko euskarazko sorkuntza lanez gozatzeko aukera izango duzue, oraingo honetan hilaren 16an hasi eta 25era arte.

Hala, "Bizkarsoro" filma ekarri du NOAUA! K.E.-k aurtengo ziklora. Albiste honi atxikitako bideoan duzue aurrerapena. Horrekin batera, "Toto" antzezlanaz ere gozatzeko aukera izango dugu.

Herrikiderik ez zaigu faltako hitzorduotan; Idoia Torregaraik Mirari Martiarenarekin batera ondu duten "Ztandap" binakako bakarrizketa saio berria ezagutu ahalko dugu. Horrekin batera, Peru Galbetek eta Yolanda Arrietak lankidetzan sortutako "Etxe bat" poesia errezitaldi musikatuak borobilduko du, erromeria giro betean datorren Kulturaldia. Izan ere, Tapia eta Leturia oholtza gainera ekarri eta dantza betean jarriko gaituzte Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.  Bistan denez, beraz, Sutegiko ohiko espaziotik ere ateraraziko gaitu NOAUA! K.E.-ren aurtengo kultur zikloak.

2024ko Kulturaldi aurreratu honetarako sarrerak salgai dituzue usurbilkultura.eus plataforman, baita NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan. NOAUA! kide diren bazkideek, merkeago aipatu egoitzan bertan. Honatx egitaraua bere osotasunean:

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia


Otsailak 16, ostirala

19:00 "Bizkarsoro" filmaren proiekzioa eta solasaldia Sutegiko auditorioan.
Sinopsia: "Existitzen ez den herri batean, bost istorio erreal, 1914tik 1982ra gertatuak, ahozko lekukotzetan eta idazleen testuetan oinarrituak. Haietan barna, XX. mendean zehar Ipar Euskal Herriko herri ttipi batek bizitako aldaketa sozialak agerian. Hizkuntza baten erroizte eta hurrentzea. Eta bizirik irauteko borroka. Josu Martinezek zuzendutako pelikula".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 6€tan usurbilkultura.eus webgunean. Bazkideek 4€tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.
Nori zuzendua: helduei.


Otsailak 17, larunbata
22:30 Tapia eta Leturiaren kontzertua Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean.
Zehaztasunak: "Tapia eta Leturiak beraien ohiko errepertorioko kantak berreskuratuko dituzte, eta osagai eta berrikuntza ugariz jositako proposamen musikal zein artistiko berria dakarte. 10 musikariz osatutako taldea lagun izango dute, trikitixa eta panderoaren soinuak “Big Brass Band” ikutuekin uztartuko dituenak".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 12€tan usurbilkultura.eus webgunean. Bazkideek 10€tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunea.


Otsailak 18, igandea
18:00 "ZTANDAP. Binakako bakarrizketa" Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileak, ikuskizun berri batekin datoz: Ztandap. Aurreko ikuskizunetan egin moduan, Martiarena eta Torregarai "betaurreko moreak jantzita" igoko dira oholtzara. Orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak, elkarbizitza ... izango dituzte hizketagai horretarako, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz, barre eginez eta eginaraziz eztandarazi, lehertu, nahi dituzte bazterrak".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 6€tan usurbilkultura.eus webgunean. Bazkideek 4€tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.


Otsailak 24, larunbata
19:00 "Toto" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "TOTO – Mafalda Bellidoren “Chucho” antzezlanean oinarritua. Agurtzane Intxaurragak zuzendua eta Kepa Erraztik itzulia. Aktore lanetan Miren Gojenola eta Asier Hernandez. Maik (Maitane) eta Joseluk (Jose Luis), TOTO txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. TOTO galdu egin da Joselurekin zegoenean eta orain Maik ezin du imajinatu bizitza bera gabe. Maitasunik gabe. Maik eta Joseluk, modu intentsuan eztabaidatzen dute. Eztabaidatzen dute geure bikotearekin, geure bikote guztiekin askotan egin izan ohi dugun moduan. Barrutik tragedia moduan bizi ohi diren eztabaidak,  kanpotik ikusita, barregarriak eta komikoak suertatzen dira. TOTO halakoxea da, txakur guztientzat egokia den bikote komedia".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10€tan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 €tan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.


Otsailak 25, igandea
18:00 "Etxe bat". Poesia errezitaldi musikatua Sutegiko auditorioan.
Testua eta gidoia: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria.
Kantak eta Soinua: Peru Galbete Labiano.
Zehaztasunak: "Gaston Bachelard soziologoak espazioen esanahietan murgiltzen gaitu La poética del espacio entseguan, kanpoko espazioez ari garenean geure barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut neure gogoen bizigune. Eta hiru denborak estekatu ditut bizigune hori ideatzeko. Bat, oroimen beroa, nondik natorren gogoratzeko. Bi, leihoak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, nire guraria ez ahazteko. Gelaka aritu naiz, bakean atontzeko estantzia bakoitza. Xede bakarra buruan: amets egiten jarraitzea".
Sarrerak: aldez aurretik salgai 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideek 8 eurotan eskuratu ahal izango dute sarrera bat NOAUA!ko egoitzan.

Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.