Haien eguneroko jarduna eta bizimodua eten dute gaurkoan Gipuzkoako eskualde ezberdinetako hainbat baserritarrek. Planto egin eta asteburuan whatsapp bidez antolatu ostean, protestan irten dira Andoainen hasi eta Donostiara bitarte N1 errepidetik barrena traktore gainean. Tartean, Usurbilen, Urbil merkatalgunean egin dute geldialdia. Goizeko 9:00ak pasatxoan heldu dira N1 errepidetik irten ostean.
Traktore ilara luzea ikusi dugu, merkatalgunea inguratzera heldu dira. Aipatzekoa, nabarmen, helduez gain, lurra lantzetik bizi diren nekazari gazteen parte hartzea.
Gaurkoan, traktoreak eguneroko jardunerako ez, haien ezinegona, haserre eta protesta bideratzeko baliatu dituzte. Hala, aldarriok idatziz errepidera atera dituzte. Hainbat mezu, baina denen gainetik, bizi duten larrialdi egoera plazaratu nahi izan dute. "Gazte baserritarrak SOS" irakurri dugu traktore bat baino gehiagotan, laguntza gehiagoren eske. Baserritarrik gabe elikagairik ez dugula izango ohartarazi dute beste hainbatek. Argi adierazi nah izan dute "baserritar gabe bizirik ez" dagoela, "janik ez, etorkizunik ez", haietako batean irakur zitekeen moduan. Horrenbestez, horixe nahi dute, baserria bizirik eustea, lehenengoa eta oinarrizkoa den sektorea zutik mantentzea.
Mezu gehiago ere aldarrikatu dituzte, baina denak norabide berean; "lehen sektore duinaren alde" irten dira protestan astelehen goiz honetan Gipuzkoako baserritarrak. Egiten duten lana behingoz behar bezala estimatua izan dadila galdegin dute.