"Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek?", Iñaki Iurrebasoren hitzaldia asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 12a, 09:35

UEMAk, Korrika Batzordeak eta Usurbilgo Udalak asteazkenerako antolaturiko solasaldia euskarak bizi duen egoera kezkagarriaz mintzatzeko baliatuko dute.

Martxoaren 19an helduko den 23. euskararen aldeko lasterketa girotzeko Korrika Kulturalaren lehenengo hitzordua asteazkenerako, otsailaren 14rako iragarri dute Korrika Batzordeak, Usurbilgo Udalak eta UEMAk 18:30ean Potxoenean; "Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek?" hitzaldia, Iñaki Iurrebaso soziolinguistarekin. “Asko edo gutxi erabiltzen ote da euskara dagoen ezagutzarako? Aurrera goaz ala atzera goaz euskararen indarberritze- prozesuan? Zer perspektiba izan ditzakegu aurrera begira? Zein paper joka dezakete udalerri euskaldunek euskararen indarberritze-prozesuan?”. Galdera hauei eta beste batzuei erantzungo die Iurrebasok gai honi buruz kaleratu diren datuetan oinarrituta.

Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ikerketa-teknikaria da hizlaria. Duela urtebete, “hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa” doktore tesia aurkeztu zuen eta Mankomunitateak oso garrantzizkotzat jo du “euskararen biziberritzerako ezinbestekoak diren ikuspegi horiek ezagutaraztea, eta horretarako hitzaldi zikloa antolatu du hainbat herritan, bateko eta besteko udalekin zein euskara elkarteekin lankidetzan. Era berean, erakundeetako, euskalgintzako, alderdietako eta sindikatuetako arduradunentzat ere antolatu ditu gai honen inguruko aurkezpen sakonagoak, Iñaki Iurrebasorekin”. Testuinguru honetan antolatu da baita Potxoeneko hilaren 14ko hitzaldia.

Ahul, hizkuntza-gaitasunean
Hausnarketarako hainbat gako eskaini nahi ditu saio honen bidez. Gakoon artean, kezkatzeko moduko mezurik ere plazaratuko du. Iurrebasok eginiko behaketa lanaren arabera, berak azterturiko adierazleek “gertuago erakusten dute hizkuntza heriotza-egoera batetik balizko elebitasun orekatu egoera batetik baino”. Geure hizkuntza, “euskara minorizazio gorriko egoeran dago”, bere erabilera, transmisioa, hizkuntza-bilakaera eta hizkuntzen nagusitasuna aintzakotzat hartzen badira. Bereziki, “ahul” dagoela dio euskara hizkuntza-gaitasunean. Aldiz, “indartsu gaztelera eta frantsesa”.  Iurrebasok ohartarazi duenez, euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean alde handitzen doa, euskaldunen profila aldatzen doalako. “Hezkuntzaren ondorioz, gero eta herritar gehiagok daki euskaraz, baina horietako askorentzat ez da lehen hizkuntza, ezta ohiko hizkuntza ere. Kontzientziarik ezean, horrek eragin handia du gero erabileran”.

Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute “euskararen arnasguneak eta udalerri euskaldunak babestea, sendotzea eta hedatzea”.