NOAUA! Lehen xake topaketa antolatu zenuten joan zen urtean. Orain bigarrena proposatu duzue. Joan zen urtekoa uste bezain ondo joan zen?
Uste baino hobeto. Hasiera batean egun bakarreko ekintza izan behar zuen, baina azkenean bi saio egin behar izan genituen jende askok eman zuelako izena. Gainera, tamalez, baten bat kanpoan ere geratu zen. Hogei pertsonarentzat baino ez daukagu lekua eta materiala, eta beraz, ezin izan genien denei jokatzeko aukera eman. Aurten horiei ere aukera eman nahi diegu eta elkargune bat sortu. Azken batean, jarraipena eman nahi diogu joan zen urtekoari. Aurten, bi saiorekin nahikoa ez dela ikusten badugu, hirugarren ostiral bat ere egin genezake. Agian, txikienak lehen saioan, ondoren LH4tik aurrerakoak, eta DBHkoak hirugarren saio batean. Aukera hori hor legoke, baina izen ematea nola joaten den ikusi beharko dugu aukera hori mahai gainean jarri aurretik.
Horrenbeste umek daki xakean jokatzen?
Bai, hala ematen du. Eric Juez irakasle lanetan aritu zen eta haren ikasle izandakoek jokatzen jarraitzen dute. Gazteagoek ere badirudi badakitela jokatzen eta interesa ere badutela. Lehiakortasuna alde batera uzten dugu topaketetan eta jendea animatzen da.
Parte hartu zutenek edo ingurukoek eskatu dizuete bigarren edizioa edo zeuen ideia izan da oso-osorik?
Biak, esango nuke. Jokalari diren horietatik hasi ginen ideia honi tiraka eta oso gustura egon zirela esan ziguten. Beste batzuei ere galdetu genien zer moduzko esperientzia izan zen, eta oso ona esan ziguten haiek ere. Beraz, horri jarraipen bat ematea erabaki genuen. Ostiraletan jokoak izaten ditugu liburutegian: kartak, xake, damak... gehien jokatzen dutena eta gustatzen zaiena xakea da, dudarik gabe. Hori ikusita aurrera jarraitzea erabaki genuen. Zaletasuna badago.
Nolako funtzionamendua izan zuten topaketak?
Mahaian bi taula jartzen ditut eta zenbatu egiten ditut. Sistema suitzarra jarraitzen dugu irabazleek irabazleen kontra egin dezaten, eta galdu dutenek galdu dutenen aurka. Beraz, bikoteak egin eta sistema hori jarraitzen dugu. Modu horretara, maila antzekoa duten jokalariek elkarren aurka jokatzeko aukera dute. Adin kontuak ere badu garrantzia maila kontuan, normalean zenbat eta helduago izan, orduan eta hobeto jokatzen dutelako. Ez du zertan kasu guztietan hala izan, baina nahiko ohikoa izaten da. Zazpi neurketa izaten dira, bost minutu bakoitzak (orotara hamar) eta, beraz, pare bat orduko saioa izaten da. Paper bat jartzen dut bikoteekin eta hala, bakoitzak jakiten du zein mahaitan eta norekin tokatu zaion. Txikienekin paperean jarri beharrean, nik lagunduta egiten dugu. Aurten, agian, zazpi neurketa beharrean 6 edo bost egingo ditugu horrenbeste ez luzatzeko. Ikusiko dugu. Hori bai, ordulariarekin jokatuko dituzte partidak eta erakutsi egingo diegu nola erabiltzen den ordularia xakean.
Aurtengo topaketek ezberdintasun nabarmenik izango dute joan ziren urtekoekin alderatuta?
Ez, joan zen urteko funtzionamendu bera izango du. Ez da berrikuntza nabarmenik izango.
Interesa duenak zer egin behar du izena emateko?
Liburutegian eman beharko da izena. Horretarako izen-abizenak eta jaiotze-data zehaztu beharko dira zein saio dagokion jakiteko adinaren arabera. Saioak hasi baino egun bat lehenago itxiko genuke izen ematea bikoteak egiteko denbora izateko eta sisteman datuak behar bezala sartzeko.